Bermeo Urdaibaik ohorezko txandan sartzea lortu du
Lehen bi banderak jokatu ostean, Bermeo-Urdaibai taldeko arraunlariak Eusko Label Ligako sailkapen nagusiko laugarren postuan kokatuta daude.
Zapatuan, Bilboko XIII. Banderan, Bermeo Urdaibai taldea bigarren txandan uretaratu zen. Hasiera ezohikoa izan zen, erlojuaren aurka egin behar izan zuten lan arraunlariek: uretako erreferentziarik gabe, denboretakoak bakarrik. Iazko sailkapen nagusiaren arabera antolatu ziren txandak, eta traineru bakoitza minutu bateko tartean irten zen. Bou Bizkaia bigarren txandan irten zen, eta lehia estua izan zuen Zierbenagaz. Erdialdetik aurrera, berriz, galipoak nagusitu ziren, luze egin zitzaien estropada bermeotarrei eta zazpi segundora heldu ziren, 19.58,28ko denbora eginda. Gainera, ohorezko txandako Hondarribia, Donostiarra eta Orio, bandera garailea, izan zituen aurretik. Bosgarren postua lortu zuten, hau da, ohorezko txandan aritu ezinik.
Traineru bermeotarreko entrenatzaileak, Iker Zabalak, aurretiaz ohartarazi zuen: “Jendeak dio Bermeok ikaragarriko taldea dugula, eta, egia esan, ez da harritzekoa, arraunlariak banan-banan hartuz gero. Baina, horrez gain, denen arteko batuketa prozesua da arrauna, eta makina horrek behar bezala joateko denbora behar du”. Horixe ikusi zen Eusko Label Ligako lehen asteburuan, batez ere, lehen banderan: Urdaibai prestaketa lanak egiten ari da, hasi berri den denboraldirako.
Domekan, Donostiako XIX. Banderan hori zen, hain zuzen ere, bermeotarren helburua den proban. Ohorezko txandan sartzea izan zuten helburu. Kontxako badian hobeto moldatu ziren Zabalarenak; bigarren txandan nahieran nagusitu ziren, batez ere, bigarren luzetik aurrera. Bigarren ziaboga baino lehen, Getariagaz nor baino nor gehiago aritu baziren ere, olatu handi eta luze bati esker aurrea hartu ez ezik, tartea ere zabaldu zuten. Hortik aurrera, erlojuaren aurka aritu ziren, oraindik ohorezko txandakoak haien lana egiteko baitzeuden. 20.47,76koa izan zen bermeotarren denbora. Urertzetik ikusi behar izan zuten Hondarribiaren eta Donostiarraren arteko borroka estua; azkenean, etxean geratu zen bandera. Biek ala biek hobetu zuten Bermeoren marka, sei eta hamabi segundogatik, hurrenez hurren. Baina, behintzat, Orioren aurretik geratu ziren: hirugarren.
Horrenbestez, Bermeo Urdaibai taldea sailkapen nagusiko laugarren postuan dago, 18 puntugaz, eta datorren asteburuan Galiziako A Coruñako Banderan ohorezko txandan aterako da, denboraldiko lehen helburua betez.