Tonpoiko gune naturala bisitatu dute gaur Jaurlaritzak eta Ihobek
Bermeoko Udaleko ordezkarien eskutik jaso dute Tonpoian egindako berreskurapen lanen berri, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredok eta Ihobeko zuzendari nagusi Alexander Botok.
Ekainaren 3an zabaldu zuten Tonpoiko gune naturala, hilabeteetako lanen ostean. Hala ere, LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren baitan egindako lanak ikustera bertaratu dira gaur Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Jasangarritasuneko sailburuorde Amaia Barredo eta Ihobeko zuzendari nagusi Alexander Boto. Bermeoko Udaleko ordezkarien eskutik izan dute inguru horretan egindako lanen berri.
Bermeoko alkateak gaur gogorarazi duenez, helburu nagusia izan da itsasertzean dagoen erabilera publikoko berdegunea berreskuratzea, eta, gainera, klima aldaketara egokitzea. Hala, iraunkortasuneko eta ekonomia zirkularreko irizpideak erabili dituzte, eta ingurumenari dagokionez, “ahal izan den guztia” berreskuratu dutela azaldu du. Tonpoia eta Tala lotzeko eta oinezkoentzako pasealeku bat egin dute, eta Talaperako eta Tonpoirako zeuden bidezidorrak egokitu dituzte. Gainera, bertoko zuhaitz eta zuhaixkak landatu dituzte, eta landazabal atlantikoa berreskuratu dute. Beste alde batetik, biodibertsitatea bultzatzeko mikrohabitat berriak sortu dituzte.
Hurrengo fasearen berri ere eman dute, urrian hasiko dena. Hain zuzen ere, Tonpoitik, kostatik jarraituta, Aritzatxu hondartzaraino helduko da oinezkoentzako pasealekua. Ikuspegi “bikainak” izango dituela aipatu dute.
Eusko Jaurlaritzako sailburuordeak Tonpoian egindako lanak goraipatu ditu, eta gogorarazi du Eusko Jaurlaritzak klima ekintzen alde egindako apustua. Aipatu du, Bizkai, Araba eta Gipuzkoa dela Nazio Batuek bultzatutako Anbizio Klimatikorako Aliantza osatzen duten mundu osoko 22 eskualdeetako bat.
Bestalde, Barredok administrazioen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu du, eta adibide modura aipatu ditu udalerriekin Udalsarea 2030 eta LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuen bidez egindako lanak.
Eusko Jaurlaritzako Ihobe Ingurumen Jarduketako Sozietate Publikoko zuzendari nagusi Alexander Botok uste du LIFE IP Urban Klima 2050 “proiektu eraldatzailea” dela, eta horren garrantzia “estrategikoa eta politikoa” azpimarratu ditu. Bizkai, Araba eta Gipuzkoako klima ekintzako proiekturik “handiena” dela aipatu du, eta, gogoratu du, Klima Aldaketaren aurkako Euskal Estrategia –KLIMA 2050– berrikusteko aukera eman duela.