Melillako mugako heriotzak salatzeko elkarretaratzea deitu dute Bermeon
"Giza Eskubideen babesa eta bermea eta gardentasuna" eskatuko dute bihar, Bermeon.
Joan den barikuan [ekainak 24] 2.000 pertsona inguruk Melillako hesia jauzi egitera saiatu ziren. 37 hildako eta 300 zauritu baino gehiago egon ziren “poliziaren basakerian eta mugako militarizazioan oinarritutako migrazio politikengatik”. Hau guztia salatzeko, elkartasuna adierazteko eta eskakizunak egiteko elkarretaratzeak deitu dituzte, tartean Bermeon. Bihar, 19:00ean, harrizko bankuan jarri dute batzeko hitzordua.
Komunikatu bateratua ere argitaratu dute. Bertan salatu dute hildakoek lurperatzen ari direla “balizko ikerketa baterako funtsezko autopsiarik egin gabe, identifikatu gabe eta familiak informatu gabe”. Era berean, zaurituentzako “kalitate osasuna eta arreta espezializatua” eskatu dute. Elkartasuna adierazi nahi izan diete hildako 37 pertsonen familiei, “migrazio-praktika eta politiken biktimek benetan nekropolitikaren fruitu bihurtzen baitira”.
Deialdiaren arabera, azken asteetan, Espainiako Gobernuak Mendebaldeko Sahararen auziari buruzko “Marokoren autonomia-ekimena” babestu zuenetik apirilaren 7an, mugan egoerak txarrera egin du eta hesia jauzi egiteko “ezinbesteko” saiakerak erakarri du. “Marokon areagotu egin dira jendarmeriak komunitate migratzaileen aurkako sarekadak, jazarpenak eta autobusetan nahitaezko desplazamenduak, eta Nador hiritik gertu dauden basoetatik alde egin behar izan dute”, adierazi dute.
Giza Eskubideen arloko nazioarteko legediaren “urraketa” salatu dute, “bereziki Errefuxiatuen Estatutuari buruzko Genevako Konbentziokoa”. Horregatik, zenbait eskakizun egin dituzte. Alde batetik, heriotzak argitzeko “ikerketa independiente” bat abian jartzea eta “biktimen erreparazioa”, hau da, identifikazioa, aberriratzea eta familiei informazioa ematea. Horrez gain, beroan egindako itzulketak “amaitzea” berretsi dute eta “talde parlamentarioek Herritarren Segurtasunari buruzko Legearen erreforman mugako errefusak indargabetzea”. Era berean, bide “legal eta seguruak” ezartzea eskatu dute eta Atzerritarren Legea “ezabatzea”.
Bestetik, eskatu dute Giza Eskubideen “babesa, bermea eta monitorizazio-mekanismoak” hegoaldeko muga osoan, nazioarteko akordioak errespetatzea, “bereziki Errefuxiatuen Estatutua, eta adingabeen ahultasun berezia kontuan hartuz”. Azkenik Espainiako eta Marokoko gobernuen arteko lankidetzare etapa berriaren aurrean “gardentasuna” eskatu dute, hau da, “Marokok Europar Batasunetik eta Espainiatik jasotzen duen dirua zertan gastatzen den jakitea”.