BTWC elkarteak Atunaren Iraunkortasunerako Nazioarteko Adierazpena aurkeztu du Nazio Batuen ekitaldi batean
2023an, lehen aldiz, Bilbon eta Bermeon egingo den Bermeo Tuna Foruma aurkezteko ere baliatu dute topaketa.
Nazio Batuen Erakundea (NBE) Lisboan egiten ari den Ozeanoei buruzko Bigarren Mundu Konferentziaren programa ofizialean parte hartu du Bermeo Tuna World Capital Elkarteak (BTWC). Hain zuzen ere, mundu mailako topaketa horretan aurkeztu zuten atzo Ignacio Serratsek (BTWCeko presidentea) eta Aritz Abaroak (BTWCeko presidenteordea) Atunaren Iraunkortasunerako Nazioarteko Adierazpena.
Gogora ekarri dutenez, aliantza global eta kolaboratiboa da, eta mundu osoko atunaren hiri nagusiak eta atunarekin zerikusia duten eragile guztiak bateratzea du helburu, ozeanoen eta, batez ere, atunaren eta atunaren harrapaketaren kudeaketarekin eta garapen jasangarriarekin konpromiso bera hartuta. “Atuna 90 herrialde baino gehiagoko garapen ekonomikoaren oinarria da, munduko arrantzaren balioaren %20 eta munduan kontsumitzen den proteina osoaren %25. Gainera, osasunerako izugarrizko elikagaia da, dituen propietateei esker. Horregatik, beharrezkoa ikusten dugu atunaren sektoreak gizateriaren garapen jasangarrian duen funtsezko eginkizuna aitortzea eta babestea”, azaldu zuen atzoko aurkezpenean Ignacio Serratsek.
Nazioarteko Adierazpen horren bidez, baliabide natural horren iraunkortasuna bermatzeko ekimen bat abiarazi gura dute sustatzaileek; izan ere, baliabide hori etekin iraunkor handienetik hurbil dagoela diote. “Hazkunde demografikoaren aurreikuspena kontuan hartuta, eta egoera basatian harrapatzen den proteina bati buruz ari garela (akuikulturan ekoizteko aukerarik gabe) aipatuta, elikagai hori gero eta urriagoa eta garestiagoa izatea aurreikusten da”, ohartarazi zuen BTWCeko presidenteak. Gaineratu zuen, atunaren kudeaketa jasangarria sustatzen eta legez kanpoko arrantzaren aurka (gaur egun arrainaren %20 inguru dela uste da) lan egiten lagunduko duen mugimendu global bat martxan jartzeko unea dela.
Hori guztia kontuan hartuta, BTWCek maila globalean hainbat konpromiso babesten dituzten ahotsak batzea du helburu.
Bermeo Tuna Forum. Ekitaldia baliatuta, 2023an, lehen aldiz, Bilbon eta Bermeon egingo den Bermeo Tuna Forum aurkeztu zuten. Arrain Azokaren aurkezpen ekitaldian esan zuten modura, Nazioarteko foro berri bat da, atunaren arrantzaren sektorearen iraunkortasunari buruzkoa. Horretan, mundu mailako adituak bilduko dira gune berean, atunaren arrantza sektorearen kudeaketa eta garapen iraunkorrerako sinergiak sortzea erraztuko duten eztabaida eta hausnarketa sustatzeko.
Urtero egiteko asmoa daukate, “2030 Agendarekiko eta haren helburuekiko gure helburuak eta konpromisoa sendotzeko”. Aldi berean, enbaxadore berriak gehitzen joango direla zehaztu dute: “Atuna eta Bakea, Atuna eta Ozeanoak, Atuna eta Enplegu Dezentea, Atuna eta Generoa…”