Arrantzaleak gogoan, San Pedro Egunean
San Pedro lepoan hartuta prozesioan ibili dira Bermeon. Mundakan goizez zein arratsaldez ospatuko dute San Pedro Eguna
San Pedro Eguna da gaur, arrantzaleen patroi nagusiaren eguna, eta kostaldeko herri askotan ospatzen ari dira gauko eguna.
Bermeon Arrantzaleen Kofradiako Eguna ospatu dute gaur, bi urteren ostean. 10:15ean udalbatza batu da Goiko Plazan, eta alkatearen soinua entzun ostean txistalariekin abaiatu dira Santa Eufemia elizara. Bertan, kofradiako zuzendari batzordea agurtu dute dute, eta ostean, San Pedro santua atera dute kalera; Alde Zaharretik eta portutik ibili dira prozesioan, berriro ere Santa Eufemia elizara bueltatzeko. Prozesioa portura iritsi denean, herrian esanguratsua den sirena hotsa ere entzun da.
Mundakan ere, urtero bezala, arrantzaleen eguna ospatzen ari dira. 10:30ean murgildu dira mundakarrak jai giroan. Jose Mari Egileor Txistulari Taldea arduratu da herria jai giroan sartzeaz. Horren ostean, 12:00etan, meza nagusian batu dira herritarrak; Mundakako Abesbatzak girotu du meza. Elizara hurbildu direnak, San Pedro Santuaren konpainian irten dira mezatik. Izan ere, Mundakako Arraun Taldeak lagunduta, prozesio labur bat egin dute Mundakatik. Prozesioaren ibilbide erdian,plazan, lau dantzari egon dira zain. Apaizari eta alkateari eta santua heltzearekin bat ohorezko aurreskua dantzatu die aurrez-aurre, eta jendez gainezka egon den plazak txalo zaparrada eskaini dio. 13:30ak aldera, sardina jana izan dute plazan bertan. Hala, mundakarrek jan-edanean amaitu dute eguneko lehen txanpa.
“Mundakarrentzat San Pedro Eguna oso egun berezia da. San Pedro itsasoagaz lotuta dago, eta Mundakak ere itsasoarekin oso harreman estua dauka. Urte bi eta gero, San Pedro Eguna berriz normaltasun osoz ospatzea oso pozgarria da. Jendea oso gogotsu dago”, adierazi du Mundakako alkate Irati Gondrak.
Arratsaldez, pilota partiduak izango dira frontoian. Lehenengo partidan gazteek jokatuko dute, eta bigarrenean, berriz, Mikel Goñi eta Madariagak, Karregal eta Pujanaren aurka jokatuko dute. Esku pilota partiduen ostean Chuchin Ibañez eta Garibaldi Band taldea izango dira plazan. San Pedro Eguna ezinhobeto amaitzeko, 22:30ean traka egongo da portuan.
Elantxoben ere San Pedro jaien egitaraua abian jarri dute, gaur. Lau eguneko egitarau oparoa atondu dute, denetariko ekimenez josita. Gaur, San Pedro egunez, 12:00etan meza nagusia egin dute; elizkizun zeremonia berezia izan da, Zornotzako abesbatzak bertan parte hartu baitu. Arratsaldean, jai giroagaz jarraituko dute: 17:30etik aurrera, Elizabarrin umeentzako jolasak izango dira. Ostean, 18:00etan ospakizunek mahai ingurura egingo dute; izan ere, Kraken tabernak mus txapelketa hartuko du. Iluntzean, ostera, kirol aldartez bete zen Elantxobe: 19:30ean, pilotalekuan esku pilota partidua izango dute bertaratu direnek; ondoren, 20:00etan, Elantxobeko pala txapelketako finala jokatuko dute.
Lumotarrak bete-betean sartu dira San Pedro jaietan. Hainbat herritar eta ingurutik hurreratutakoak bildu ditu gaur San Pedro eguneko ospakizunak. Plazan txupina jaurti dute 11:45ean eta, horren ostean, abestutako meza bereziaz gozatzeko aukera paregabea izan dute hurreratu diren guztiek. Sanpedroen hasiera egitasmo horretan izan dira, besteak beste, Gernika-Lumoko udal gobernuko lantaldeko kideak. 12:00etan hasi da meza. Elizkizunean zehar, Gernika-Lumoko Eskolakristo abesbatzako partaideek abestu dute. Iaz berriztutako organoa ere baliatu dute mezatarako, soinu eta presentzia bikainagaz; Itxaso Arana izan da organoa jotzeko ohorea izan duena. Meza amaieran, Irene Ojanguren sopranoak abestu du, momentu berezi askoa sortuz. Behin elizkizun zeremonia bukatuta, elizako aterpean pintxo jana egin dute bertaratutako guztiek.