Bermeon dago 'Juanita Larando' patatxa
Atzo arratsaldean iritsi zen Bermeora eta bihar arte bertan egongo da. Gaur, 17:00etan, umeentzako astronomia tailer bat egongo da 'Olatua' eskulturaren inguruan.
Euskal kostaldea zeharkatzen ari den Juanita Larando patatxa Bermeoko portuan dago, atzo arratsaldean iritsi zen eta bihar arte bertan egongo da.
Aurten 500 urte beteko dira Juan Sebastian Elkano Getariako itsasgizona buru zuen tripulazioak munduari lehen bira eman zionetik. Urteurrenarekin bat eginez, Elkano Itsas Herria proiektua itsas kultura zabaltzen ari da euskal kostaldean, eta Bermeon egin du geldialdia, Elantxobera joan aurretik. Elkano Itsas Herria proiektua Elkano Fundazioa, Albaola eta Donostiako Euskal Itsas Museoaren eskutik garatzen ari da.
19:00ak aldera iritsi zen Juanita Larando patatxa Bermeora, eta harrera egiteko zain zeuden Bermeoko alkate Aritz Abaroa eta Alazne Zumeta zinegotzia. Hainbat herritar ere bertaratu ziren, eta proiektuaren nondik norakoak ezagutzeko aukera eduki zuten. XVIII. mendeko ontzia da Juanita Larando, Albaolako ontzi eskolan eraikita dago eta hamabost metro ditu. Arraunen zein belen bidez ibili daiteke eta hamazortzi lagunek osatutako eskifaia behar du. Itsasaldian zehar, eskarmentua daukaten zortzi arraunlarik osatzen dute eskifaia. Gainerako kideak (10) etapaz etapa aldatzen dira, eta Elkano Itsas Herriak bisitatzen dituen herrietako arraunlariek osatzen dute.
Bermeon egonik ez dituzte ahaztu gura izan Elkanorekin batera joan ziren zazpi bermeotarrak. Horietatik sei Concepcion itsasontzian ontziratu ziren, Juan Sebastian Elkano kapitainaren aginduetara. Lau hil egin ziren (Anton Basozabal, Juan Agirre, Martin Insaurraga eta Pedro Mugertegi), beste bat San Antonio itsasontzian itzuli zen (Pedro Sautua), eta gainerako biek –Juan Akurio kontramaisuak eta Pedro Txindarza morroi edo txoak– munduari bira eman zioten. Bermeoko alkateak azpimarratu gura izan zuen, “datuek dioten moduan”, Bermeo izan zela Magallanes-Elkano espediziorako partaide gehien eman zuen Euskal Herriko herria. “Bermeo itsasoa da, Bermeo kresala da baina hori horrela da, duela 500 urte ere, horrela izan zelako. Horrek dira gure sustraiak, eta horrek dira sekula ahaztu behar ez ditugunak gure etorkizuna eraikitzeko”, esan zuen harrera ekitaldian.
Proiektu hau Bermeon izatea “plazerra” dela esan du Bermeoko alkateak, eta “harro” daudela gaineratu zuen: “Ekintza honek gure sustraiak eta gure izaera erakusten ditu. Bermeo zer edo zer bada itsasoa da, eta Bermeo bermeotarren historiak eraikitako herri bat da”.
Harrera ekitaldian Koldo Gezuraga gernikarraren bertsoekin disfrutatu ahal izan zuten bertaratutakoek.
Nestor Basterretxearen Olatua eskulturaren inguruan, gainera, proiektuaren baitako erakusketa ibiltaria jarri dute ikusgai, eta gaur 20:00ak arte ikugai egongo da. Itsas kulturak euskal gizartearen garapenean izan duen garrantzia nabarmentzen duten hainbat bloke tematikoz osatuta dago erakusketa; informazio mahai bat ere jarri dute gune horretan. 17:00etarako, berriz, umeentzako astronomia tailer bat antolatu dute. Aranzadi Zientzia Elkarteko astronomia saileko kide Virginia Garciak eskainiko du eta “oso interesgarria” izango dela diote; erakusketa dagoen gune horretan izango dela zehaztu dute. 18:30etik 21:00etara, sagardo eta hegaluze pintxo dastaketa egongo dira HAZIren eskutik.