Bermeo eta Mundaka Bizkaiko txapeldun izendatu dira Lekeition
Domekan [ekainak 12] Lekeitioko uretan jokatu ziren Bizkaiko Txapelketetan Bermeo nagusitu zen gizonezkoetan, Ondarroa emakumezkoetan eta Mundaka beteranoetan.
Bizkaiko Txapelketa aurreratzeko erabakia hartu zuen Bizkaiko Arraun Federazioak, eta denboraldia hasi aurretik kokatu zuen, arraunlari eta taldeak gehienak poztuz. Hala, domekan [ekainak 12] lehitu ziren txapelketak Lekeitioko estropada gunean, eta bermeotarrak nagusitu ziren gizonezkoetan, ondarrutarrak emakumezkoetan, eta mundakarrak beteranoetan.
Gizonezkoetan, Bermeo gailendu zen Lekeitioko ur nahasietan, eta arraun elkartearen 13. Bizkaiko Txapelketa irabazi zuen. Gizonezkoen proban, guztira hamar traineruk parte hartu zuten, hiru txandatan banatuta, eta itsasoak eragin handia izan zuen.
Lehendabiziko txandan, Portugalete, Deustu eta Busturialdea aritu ziren, bigarrenean Arkote, Isuntza eta Kaiku, eta ohorezko txandan, Santurtzi, Ondarroa, Zierbena eta Bermeo.
Lehia ikusgarria eskaini zuten bi faborito nagusiek azken txanda, Bermeok eta Zierbenak, hain zuzen ere. Nor baino nor gehiago borrokatu zuten lehen paladetatik hasita. Lehenengo luzean bermeotarrek aurrea hartu bazuten ere, itzulerako luzean Zierbenak olatu gehiago hartu eta hobeto baliatu zituen. Hala ere, Galipoek ez zuten lortu estropada erabat apurtzea eta bizirik mantendu ziren Iker Zabalak entrenatutakoak. Hori gutxi ez, eta hirugarren eta azken ziaboga orduko, lehen postua berreskuratu zuten, traineru erdi baino gutxiagogatik. Hori izan zen gakoa, azken luzean Bermeok metro gutxi horiengatik Zierbenak harrapatu ezin izan zituen olatuak hartu zituelako, eta ihes egitea lortu zuelako. Azkenean, bederatzi segundoko zuloa zabaldu zuten.
Ondarroa hirugarrena izan zen, beraz, Ondarroak ere Euskadiko txapelketarako txartela lortu zuen. Isuntzak laugarren postuaren bila lehiatu bazuen ere, ezin izan zuen bigarren txandan Kaiku menderatu, eta bosgarren postuagaz konformatu behar izan zen, 43 segundora. Lekittarraren atzetik geratu zen Santurtzi Eusko Label ligako iazko txapelduna, minutu bat eta sei segundora. Zazpigarren izan zen Arkote minutu bat eta hamabost segundora, zortzigarren Busturialdea minutu bat eta 50 segundora, eta, gero, Deustu bi minutu eta 20 segundora. Azken postuan Portugalete geratu zen, bi minutu eta 57 segundoko denboragaz.
Beteranoetan Mundakak eskuratu zuen Bizkaiko Txapelketa. Mundakarrek borrokatu estua izan zuten Getxogaz estropada osoan, baina azken txanpan gehiago izan ziren, eta hiru segundorengatik garaipena eskuratu zuten. Plentzia izan zen hirugarrena 18 segundora, Iberia laugarrena, 29 segundora, eta Bilbo bosgarrena, 37ra.
Mundakako Beteranoek adierazi dutenez, “denboraldiko hiru helburu nagusietako bat” zen Bizkaiko Txapelketa: “Mundakako estropadagaz eta, hain zuzen, Lekeition bertan lehiatuko dugun Euskadiko Txapelketagaz batera, Bizkaikoa gure helmuga garrantzitsuenetako zen; hortaz, pozik gaude bertan irabazi izanaz”. Datozen helburuei dagokienez, La Salve Ligan goi mailan jarraitzea bilatuko dute; hurrengo estropada zapatuan lehiatuko dute, Zumaian. Bertan traineruko lantaldea aldatu egingo dute: “Batetik, Lekeition lehiatutako batzuei atseden apur bat emango diegu; bestetik, lehiatzeko prest dauden guztiei traineruan egoteko aukera eman gura diegu”.
Emakumezkoetan Ondarroa nagusi.
Emakumezkoak 11:30ean ekin zioten lanari, txanda bakarra antolatu zen bakarrik hiru taldek eman zutelako izena: Ondarroak, Portugaletek eta Deustuk. Faborito nagusia Bilboko tomateroak baziren ere, ondarrutarrek lehen luzean maila oso altuan egin zuten arraunean eta eutsi egin zuten. Ziaboga bakarrera berdinduta iritsi ziren, bien arteko lehia zen, Portugalete atzean geratu baitzen lehen paladetatik. Bigarren luzean, berriz, ondarrutarrek maila mantendu ez ezik, igo egin zuten.
Lekeitioko ur nahasietan eroso egin zuen arraunean Antiguako Amak, olatuak nahieran hartu zituen, bata bestearen atzetik, eta bakoitzagaz Deustukiko zuloa handitu zuten. Azkenean 12:08:91ko denbora eskuratu zuen garaileak, 22 segundora heldu ziren bilbotarrak eta bi minutu eta hamalau segundora, berriz, Portugaletekoak. 2020an lortutakoa errepikatu du Antiguako Amak, eta bigarrenez izendatu da Ondarroako Arraun Elkartea Bizkaiko txapeldun.