Gogotsu ari dira Gazte Egune ospatzen
Bederatzi paella aurkeztu dituzte lehiaketara; 9. zenbakiagaz Pertika izan da epaimahaiaren arabera, aurtengo paellarik gozoena. Jai egunak oraindik ere jarraitzen du Muxikako San Roman auzoan.
Herriko ume, gazte zein nagusiak batu dira gaur Muxikako San Roman auzoko baselizaren inguruan, Erdu Gazte Asanbladak antolatzen duen Muxikeko Gazte Egune ospatzeko. Goiz goizetik iritsi dira batzuk, paella lehiaketa zegoen jokoan. Hala, kuadrilletan batuta, paellak prestatzen ibili dira, zeinek paellarik gozoena prestatu.
Bederatzi paella aurkeztu dituzte gaur, eta 9. zenbakiagaz Pertika izan da epaimahaiaren arabera, aurtengo paellarik gozoena. Bigarren saria 8. zenbakia zeukan Ugelazixoak jaso du, eta hirugarrena, berriz, Peña Muxikak. Txarrenarentzat ere saria egon da; zazpigarren zenbakidun (Laga) paella izan da epaimahaiaren iritziz denetan eskasena. Epaimahaia Maribi Galarzak, Beatriz Maguregik eta Danok enpresako bi kidek osatu dute, eta paellen puntua, gustua eta aurkezpena izan dituzte kontuan. Sari banaketa arratsalderako zeukaten aurreikusita, baina, horiek dastatu eta berehala eman dituzte sariak.
Paellak prestatu bitartean, Baso Txoritxu herriko dantza taldearen dantza erakustaldia egon da, eta trikitrixaz girotu dute ondoren auzoa.
Kuadrillek prestatutako paellak bazkaldu ostean, pernil bat ere zozkatu dute, Mari Feli Gabikaetxebarriak eroan du.
Handik eta hemendik iritsitako herritarrak elkartzeko topagune bilakatzen da egun horretan San Roman auzoa, eta hala espero dute gaur ere; “nahiz eta gaurkoan Busturialdean gauza asko antolatuta dauden”. Antolatzaileen arabera, esperotako jendea iritsi da San Roman auzora goiz partean: “Beste urte batzuetako antzerako paella kopurua izan dugu, eta eguraldia eusten dabil”. Gauerako, hala ere, Busturialdean aspaldian dagoen mugimendua ikusita, beste urte batzuetan baino jende gehiago espero dutela diote; “ikusiko dugu, baina”.
Bi urteren ostean, “gogotsu” daudela diote, Gazte Egun “berezia” dela nabarmenduta. Gogora ekarri dute “zenbait arazo” izan dituztela; “aurrekontua baxuagoa izan da eta guk muntatu behar izan ditugu gauza asko”.
Muxikeko gazte elkartean urteetan pertsona berdinak ari direla eta, aldaketak espero dituztela esan dute, elkartera aurten 20 urtetik azpiko gazte asko batu direla aipatuta.
Oraindik ere askorako emango du egunak. Gazte olinpiaden ostean, bertsoen txanda iritsiko da: Lilibertsoko kideak izango dira bertsoak botatzeaz eta gaiak jartzeaz arduratuko direnak. Beñat Bilbaok, Janire Arrizabalagak, Koldo Gezuragak eta Asier Galarzak izango dute protagonismoa.
Gauez, Nikotina, Dupa eta Laru eta Dj Dazurigusta arduratuko dira bertaratzen direnak mugiarazteaz.