100 kilotik gora zabor atera dituzte Bermeoko portutik eta inguruetatik
Irailean, gauzak bide onean baldin badoaz, zaborra batzeko urteko bigarren deialdia egingo dute, eta deialdia "gehiago" zabalduko dutela esan dute antolatzaileek.
Aurten ere Hondartzen eta Itsas hondoen Nazioarteko Garbiketan parte hartu du Bermeoko Izaro Sub urpekaritza taldeak. Bermeoko portua eta inguruak garbitzen atera dira goizean eta 13:00ak aldera sailkatu dute batutakoa Nestor Basterretxearen Olatua eskulturaren inguruan.
100 kilotik gora batu dituzte, eta denetarik atera dute: hiru telefono mugikor, bi hamaka, plastiko ugari, latak, sareak, arrantzarako gauzak… iazkoagaz alderatuta, aurten ez dute gauza astunik atera, horregatik ere, batutako kilo kopurua jaitsi egin da.
Uste baino “txarrago” joan da eguna antolatzaileen arabera: “Itsasoa ez dago egoerarik onenean, hondoko itsaso apur bat dago eta horrek urpekarien lana zaildu du, ez zuten oso ondo ikusten”. Boluntario aldetik ere, gaur jende gutxi bertaratu dela dio, baina aipatu dute deialdia ere ez dutela askorik zabaldu gura izan, “jende larregi ez batzeko”. Gaur, 12 urpekari, 2 apnea, 5 paddle eta beste 5 boluntario inguru oinez ibili dira hondakinak batzen.
Hala era guztiz ere, “oso pozik” daude, “pila bat” zabor batu dutelako: “100 kilotik gora batu ditugu. Garrantzitsuena, baina, ez da batutako kilo kopurua, baizik eta batutako gauza kopurua, eta asko batu da. Gauza txikiak batu ditugu, eta oso garrantzitsua da horiek batzea arrainek ez jateko; horrek ez dauka pisurik”.
“Arduratuta” ere badaude, hondakinak batzera ateratzen diren bakoitzean “kopuru nahikoa” ateratzen dutelako, hala, zer edo zer “txarto egiten ari garela” uste dute: “Ona izango zen, hondakinak batzera atera eta gauza gutxi izatea hemen goian”.
Irailean, gauzak bide onean baldin badoaz, urteko bigarren deialdia egingo dute, eta ordurako deialdia “gehiago” zabalduko dutela esan dute antolatzaileek. Datorren urterako aurreikuspenak ere badituzte Izaro Sub taldekoek, eta berriro ere Zero Plastiko ekimena antolatzeko asmoa agertu dute.
Asteon Izaro Sub elkarteak Esker On saria jaso du, 2019an Zero Plastiko Urdaibai proiektua gauzatzeagatik.