Asier Larrauri: "Alderdi politiko bat baino gehiago, kalean borrokatzen duen mugimendu politiko bat gara"
'Amets guztiak, Borroka guztiak' lelopean EH Bildu Eguna ospatu dute Bermeon; Goiko Plazan hasi dituzte ospakizunak, eta bertsoen ostean, Eingo taldeagaz pintxopotean ibili dira, Alde Zaharretik, Lameratik eta Portuzarretik.
“Esperientziak trukatzeko, elkar ezagutzeko, gure artean laguntzeko, gure borrokak sinkronizatzeko eta horien guztien parte bilakatzeko eguna” da EH Bildu Eguna, eta Bermeon horretarako batu dira. Goiko Plazan hasi dute EH Bildu Eguna, eta Asier Larrauri zinegotziaren berbekin abiatu da. “EH Bildu alderdi politiko bat izatetik harago, kalean borrokatzen duen mugimendu politiko bat ere bada: herriz herri, auzoz auzo Euskal Herria eraikitzen duen indar politikoa”, esan du Larraurik.
Euren lan egiteko modua jendearengara “hurreratuta” dela aipatu du; “konektatuz lan egiten dugu”. Hala, herritarren ekarpenak, proposamenak eta balorazioak hartuta, eta herritarren eta kolektiboen lanagaz bat eginez, herriko politika egiten dutela dio.
Bermeoko Udalean EH Bilduk osatzen duen taldea goraipatu gura izan du Larraurik, talde “bikaina” dela nabarmenduta: “Bakoitzak ahal duen guztia ematen du gauzak ahalik eta hobeen egiteko. Eztabaidak ere edukitzen ditugu, baina guztion arteko elkarlana ezinbestekoa da egiten ditugun proposamen guztiak aurrera ateratzeko”.
Legealdia amaitzeko urte bat falta dela gogora ekarri du Bermeoko zinegotziak, eta amaitu bitartean, oposiziotik “jarrera eraikitzaileagaz” lanean jarraituko dutela esan du: “Gure helburua herriaren lan alde egitea da, elkarlanean eta era parte hartzailean. Modu horretara egiten dugu egunero”.
Proposamenak. Urte hauetan guztietan, arlo desberdinetara zuzendutako 100 proposamen baino gehiago aurkeztu dituztela aipatu du. Hala eta guztiz ere, gaineratu du, gaur egungo Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) udal gobernuak elkarlanerako “borondate eskasa” agertzen duela.
Udal gobernuak “propagandarako ahalmen handia” agertzen duela salatu dute, eta gogorarazi gura izan dute, agintaldi honetan martxan ipini diren proiektuak EH Bilduk hasitakoak direla: “Guk ontzia, bizigaiak, aparailuak… ipini eta ontzia itsasora ateratzeko prest utzi dugu. Udal gobernuak egin duen bakarra izan da gure ontziaren makina abante ipini”. Hala, zenbait proiektu aipatu dituzte; Tonpoia, saihesbidea, auzoetako irisgarritasuna…
Herria hobetzeko, baina, “oraindik lan handia” dagoela uste dute, EH Bilduren udal taldea “ilusioagaz” dagoela gaineratuta: “Elkarlanean, ezkerretik eta burujabetzatik lanean jarraitzeko prest gaude. Nahi dugun Bermeo eta Euskal Herri aske, justu eta baketsua lortzeko lanean gaude eta lanean jarraituko dugu”.
Jai giroa. Larrauriren berben ostean, jai giroan murgildu dira bertaratutakoak, EH Bildu Eguna horretara zuzenduta baitago. Bertsotarako tartea eduki dute Iker Uriarte bertsolariagaz, eta pintxopotean jarraitu dute; Alde Zaharrean hasi eta Lamera eta Portuzarrean amaitzeko. Pintxopotea girotzeko, Eingo taldearen laguntza izan dute. Hala, dantzarako uneak ere sortu dira une askotan.