‘Amua’ antzezlana ikusteko azken aukera egongo da Lizeo Antzokian, zapatuan
"Komedia sentimental politikoa" modura definitu du Axut konpainiak antzezlana. Gernika-Lumokoa azken emanaldia izanik, sorpresaren bat egon daitekeela esan du Manex Fuchsek.
Axut konpainiaren Amua antzezlana oraindik ikusi ez dutenek horretarako aukera edukiko dute etzi (ekainak 11) Gernikako-Lumoko Lizeo Antzokian, bertan eskainiko baitute azkenengo emanaldia, 19:00etan hasita.
Maite Larburu eta Manex eta Ximun Fuchs anaiak dira Amua antzezlaneko aktoreak. «Komedia sentimental politikoa» modura definitu dute antzezlana. 20 urtez kartzelan egon den emakume baten istorioa kontatzen dute, Anarena, hain zuzen ere. Bere gaztaroko bi maitale ohi gonbidatzen ditu Iratiko etxola batera asteburu pasa: Aitor eta Txolarre. Joango dira, baina ez batek ez besteak ez daki hiru izango direla.
Jorratzen duen gaia maitasuna da, «dudarik barik». Duela urte gutxi, Jakinek ale berezi bat atera zuela gogora ekarri du Manex Fuchs aktoreak, maitasuna politikoa da izenburupean: «Maitasuna alor politikotik irakurtzen zen, eta guri hori oso interesgarria egin zitzaigun; maitasunaren oinarrizko erpinak galdezkatzen dituelako, besteak beste, jabetasuna, askatasuna eta esklusibotasuna. Horrek badu gizon eta emakumeen arteko harremanei buruzko irakurketa politikoa ere. Horregatik diogu komedia sentimental politikoa dela. Komedia ere bada; gure buruaz barre egiteko aukera iruditu zaigu maitasunaren hirukote klasiko horrekin jokatzearena, gure kontraesan guztiak azaleratzeko».
Ia 75 emanaldi . 2021ean hasi ziren Amua antzezlana batean eta bestean taularatzen, eta orain arte publikoaren erantzuna «bikaina» izan dela esan du Fuchsek: «Umorearen bidez gure kontraesan guztiak agerian uzten ditugu, eta bakoitzak maitasunarekin duen harremana galdezkatzeko modu bat ere bada antzezlana. Jendeak gustuko du hori».
Axut konpainia euskararen lurralde osotik ibiltzen dela nabarmendu du, eta, denetara, ia 75 emanaldi eskaini dituzte. Axut konpainiakoak Artedramakoekin elkarlanean aritzen direla aipatu du; «elkarlan horri esker, Bizkaian asko ibiltzen gara, eta eurak Iparraldean. Gure artean sortu dugun elkar laguntza da». Dioenez, Gernika-Lumon ia antzezlan guztiekin egon dira: «Harrera beroa izaten dugu».
Euskara «betean eta ez hutsean» aritzen direla gogorarazi du, eta uste du horrek pisua duela «publikoaren sostenguan».
Maite Larburu aktorea izateaz gain, goi-mailako biolin-jotzaile eta kantaria dela esan du Fuchsek: «Amua antzezlanean leku handia dauka bere pertsonaiak, baita bere musikak ere. Bere azken diskoko bi kantu kantatzen ditu antzezlanean, besteak beste». Lizeo Antzokikoa azken emanaldia izanik, antzezlana amaitu ostean, sorpresa txikiren bat egon daitekeela aurreratu du Fuchs aktoreak.
LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA egunkariak Amua ikusteko sarrera bikoitz bat zozkatuko du gaur.