Zabalik dago Tonpoiko gune naturala
Urrian hasiko dira hurrengo faseagaz; hain zuzen ere, Tonpoia eta Aritzatxu hondartza batzeko ibilbidea amaitzeko lanekin.
Hilabeteetako lanen ostean, Tonpoiko gune naturalaz disfrutatu daiteke; gaur goizean zabaldu [barikua, ekainak 3] dute.
Lanok LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren baitan egin direla gogorazi dute. Helburu nagusia izan da itsasertzean dagoen erabilera publikoko berdegunea berreskuratzea, eta, gainera, klima aldaketara egokitzea. Hala, iraunkortasuneko eta ekonomia zirkularreko irizpideak erabili dituzte, eta ingurumenari dagokionez, “ahal izan den guztia” berreskuratu dutela azaldu dute.
Lanak egitera 253.885,54 euro bideratu dituzte, baina diru laguntzak jaso dituztela esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak; Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailetik eta Europar Bataunaren LIFE Urbak Klima programatik, besteak beste.
Alkateak gogora ekarri duenez, lanok fase desberdinetan egin dituzte. Eremua prestatu ondoren, gunean zeuden txabolen eta itxituren eraispena eta lurren garbiketa egin zen, proiektuan aurreikusita zeuden jarduera nagusiak gauzatzeko. Hala, Tonpoia eta Tala lotzeko eta oinezkoentzako pasealeku bat egin dute, eta lehen Talaperako edo Tonpoirako zeuden bidezidorrak egokitu dituzte. Gainera, bertoko zuhaitz eta zuhaixkak landatu dituzte (arteak, artelatzak, ametzak eta ereinotzak), eta landazabal atlantikoa berreskuratu dute. Beste alde batetik, biodibertsitatea bultzatzeko mikrohabitat berriak sortu dituzte. Ingurumen teknikari Gaizka Aurrekoetxeak azaldu duenez, inguruan egon diren elementuak aprobetxatu dituzte biodibertsitatea bultzatzeko batetik, eta jendearen atseden lekua sortzeko, bestetik. Izan ere, Tonpoia gune babestua dela gogorarazi gura izan du. Aipatu du, gainera, espezie “oso bereziak” agertu direla, esaterako, kostaldean berezia den lore bat: lilia.
Abaroak esan du gune “ederra” lortu dutela: “Lehen fase hau garrantzitsua da bermeotarrentzako; herriko gune eder bat berreskuratu dugu, ingurumena erabat errespetatzen duena”.
Hurrengo pausoa, Tonpoia eta Aritzatxu hondartza batzeko ibilbidea amaitzea izango dela aurreratu du Abaroak; zati bat eginda baitago. Hori Euskal Herriko Itsasertz Mugarteagaz elkarlanean egingo dutela jakitera eman du, eta urrian hastekoak dira. Betiko bidea berreskuratuko dute, “ondo eta polito jarrita”.
2018an hasitako plana. Bermeoko EH Bilduk gogorarazi duenez, Tonpoi ingurunearen Paisaia Plana, 2018. urtean EH Bilduk egindako proiektua da, administrazio publiko guztien oniritziagaz. “Proiektua lau fasetan egitekoa zen; 2018.urtean hasi eta 2025. urtean amaituz. Europatik diru laguntzak lortu genituen plana martxan ipintzeko”. “Pozgarria” dela diote “gutxika-gutxika” Tonpoitik eta Gaztelugatxerako bidea egiten dagoela ikustea: “herritarrok gune horretaz gozatzeko aukera edukiko dugulako, paisaia edota ingurumena balorean ipiniko delako eta klima aldaketari aurre egiteko proiektua delako”.
Beste alde batetik, EH Bilduren arabera, salatzekoa da Eusko Alderdi Jeltzaleak (EAJ) proiektu honetan eduki duen jarrera: “Proiektua onartu behar zenean abstenitu egin ziren eta inguruko jabeei gezurrak kontatzen ibili ziren, EH Bilduren kontra erabilera politikoa eginez. Orain, berriz, berba politak esaten dabiltza eta proiektua eurena balitz bezala saltzen dute. Lotsagarria da”.