Bermeoko Goiko Plazak bigarren eskuko azoka hartuko du bihar
Denetarikoak aurkitu ahalko dira Goiko Plazan egongo diren 36 mahaietan.
Bi urteren ostean, Bermeoko Goiko Plaza salmahaiekin beteko da berriro ere; bueltan da Bermeoko Udalak eta Haitz Nagusije auzo elkarteak antolatutako bigarren eskuko azoka.
Antolatzaileek azaldu dutenez, 36 mahai egongo dira aukeran Goiko Plazan. Bigarren eskuko salmahai eta postuetan erropak, liburuak, koadroak, diskoak, jostailuak eta bestelakoak aldatzeko, trukatzeko, erosteko edota saltzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Antolatzaileek azalau dutenez, egun osoko jarduera antolatu dute, 09:00etatik 20:00etara.
Antolatzaileak “pozik” daude bigarren eskuko azoka bueltan dagoelako, eta parte hartzaileak ere “pozik” daudela jakitera eman dute; “jendea orain gogotsu dago”.
Goiko Plazako postuen atzean bermeotarrak egongo dira, baina baita ere, inguruko herrietatik etorritakoak. Azaldu dutenez, talde modura mugitzen dira askotan, eta herri batetik bestera ibiltzen dira. “Gero eta gehiago antolatzen dira bigarren eskuko azokak eta leku batetik bestera ibiltzen dira bertoko asko ere”, esan dute Haitz Nagusije elkartekoek.
Bermeoko Alde Zaharrean era askotako produktuak eskuratzeko edota trukatzeko aukera egongo dela adierazita, herritarrak zein bisitariak gonbidatu dituzte.