Udalak eta CECOBIk hitzarmena sinatu dute enpresei eskualdaketa prozesuan laguntzeko
Programaren helburua da enpresa baten bideragarritasuna bermatuta dagoenean, eskualdaketa prozesuan laguntza eskaintzea eta enpresaren jardueragaz jarraituko duen ekintzaile bat aurkitzea.
Enpresa batzuek ibilbide luzea daukate merkatuan eta errentagarritasuna egiaztatuta daukate, aldiz, ez dute jarduera horrekin jarraitu gura duen pertsonarik. Hala, arazo horri irtenbidea eman asmoz, Bermeoko Udalak eta CECOBIk (Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioa) elkarlanerako hitzarmena sinatu dute. Hitzarmen horren helburua da, enpresaren jardueragaz jarraitu gura duen ekintzaileren bat aurkitzea, modu horretan, eskualdaketa prozesuan lagunduta.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak azaldu duenez, herriko enpresei eta ekintzaileei zuzendutako ekimen bat da: “Udal gobernuarentzat ezinbestekoa da gure herriko ekonomiaren sustapenean enpresa berriak sortzea. Baina enpresa berriak sortzea bezain garrantzitsua da gure herrian tradizioz martxan dauden enpresek bizirauteko aukera edukitzea, Bermeon aberastasuna sortzen dute eta beharrezkoa da horiek mantentzea. Bide honetan dator, beraz, Eskualdatze Programa hau, enpresa aldatzeko prozesua modu erraz, egoki eta aholkatu batean egiteko programa, hain zuzen. Hitzarmen honi esker, erraztasunak emango dizkiegu herriko enpresa eta ekintzaileei”.
Merkatariekin egin duten lanketa batean, herriko egoera identifikatu dutela esan du Abaroak, eta zeintzuk diren egoera horretan dauden errealitateak: “Konturatu gara, sarri, ez dagoela transmisiorako aukerarik, hau da, ez dagoela enpresagaz jarraitu gura duenik. CECOBIk esperientzia zeukala ikusi genuen eta bermeak ematen ditu, horregatik, eurekin harremanetan jarri ginen”.
CECOBIko presidente Pedro Campok jakitera eman duenez, orain dela hilabete batzuk aztertzen hasi ziren zein egoeratan zeuden sektore desberdineko komertzioak Bizkaian, eskualdeka banatuta. Zenbait sektoreko emaitzak “kezkagarriak” izan zirela gaineratu du, eta bi nabarmendu ditu; bata, irudi pertsonalagaz zerikusia daukan sektorea, eta bestea, harategiak. Arazoa ikusita, hortaz, Bizkaiko Foru Aldundiagaz batera erabaki zuten udaletara jotzea eta Eskualdatze Programa eskaintzea.
Bermeokoa da CECOBIgaz programa hau eskaintzeko hitzarmena sinatu duen lehenengo udala. “Horrek erakusten du udala arduratuta dagoela herriko enpresengatik. Komertzioek bizia ematen dute, eta oso garrantzitsuak dira herri txikietan ere, ez bakarrik hirietan”, esan du Campok. Ekintzaileei esan gura die komertzioak sektore “erakargarriak” direla, eta “dirua egin” daitekeela. Mota horretako sektorean interesa daukaten ekintzaileen datu-base bat egingo dutela adierazi du.
Negozioa utzi gura duten pertsonei zerbitzua eskaintzen die CECOBIk: Lagapen-prozesuan aholkularitza eta laguntza ematen dute, enpresaren balorazio ekonomikoa. egiten dute eta enpresa eskuratu gura duten ekintzaile potentzialen bilaketa aktiboa egiten dute. Beste alde batetik, negozio “bideragarri eta errentagarri” bategaz hasi gura duten pertsonek, programa honen bidez, modu “seguruan” aurkitu ahalko dutela diote. Izan ere, hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie ekintzaileei: beharren arabera bideragarriak diren enpresen bilaketa aktiboa, aholkularitza eta laguntza transmizio prozesuan, ekintzaileentzako laguntza programei buruzko aholkularitza…”Mota guztietako laguntza daukate, bidelagun gaituzte hasieran, prozesu guztian laguntzen diegu”.
Gogorarazi dutenez, programan parte hartzea doakoa da, eta interesa daukatenek Behargintzara jo dezakete.