Murrizketarik barik, etzi hasiko da hondartza denboraldia
Lagundutako bainu zerbitzua ematen jarraituko dute, Busturialdean Mundakako Laidatxu hondartzan aurkitu daiteke. Aurten, gainera, zerbitzua luzatu dute, eta uztailaren 1etik irailaren 30era arte eskainiko dute.
Bizkaiko hondartzen denboraldia asteon hasiko da, etzi (ekainak 1), hain zuzen ere eta irailaren 30era arte luzatuko da. Gaur goizean aurkeztu dute La Arena hondartzan, eta bertan egon da Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko diputatua. Aipatu dutenez, aurten, pandemiak eragindako murrizketarik barik hasiko da hondartza denboraldia.
Antxustegik adierazi du ez dituztela alde batera utziko orain arte emaitza onak eman dituzten alderdiak: “Gure hareatzetako segurtasunaren aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, 154 sorosle eta hondartzainez osatutako talde batekin. Gure garbiketa-estandar altuak mantentzen ditugu, eta aurten, egunero, 91 profesional izango dira garbiketa lan horiek egiten. Lehen mailako ekipamenduak eskaintzen ditugu”. Aurkezpena baliatu du, eta herritarrei eskatu die naturgune horiek zaintzen laguntzeko: “Gure lelo berriak dioen bezala, hondartza guztiona da. Guztiona da gozatzearen plazerra eta, era berean, zaintzeko betebeharra”.
Jakitera eman dutenez, lagundutako bainu zerbitzua ematen jarraituko dute, eta Bizkaiko sei hondartzatan emango da: Laidatxun (Mundaka), Isuntzan, Arenan, Ereagan, Plentzia-Gorlizen eta eta Arrigorrin. Aurten, hala ere, bi berrikuntza “garrantzitsu” izango ditu lagundutako bainu zerbitzuak. Batetik, zerbitzua irailera arte luzatuko da –beraz, uztailaren 1etik denboraldia amaitzen den egunera arte erabili ahal izango da zerbitzua–. Bestetik, BizkaiUp foru aplikazioaren bidez hitzordua hartzeko zerbitzua martxan jarriko dutela aurreratu dute. Hala ere, erabiltzaileen erregistroa aurrez aurre egingo da hareatzetan, zerbitzua emateko prestatutako karpan.
2022ko denboraldi honetan erregai alternatiboz elikatutako ibilgailu berriak egongo direla esan dute, sorospeneko eta istripuen prebentzioko zerbitzurako. Gainera, gehien urbanizatutako hondartzetan, erabiltzaileek sortzen dituzten hondakinak biltzeko ohiko paperontziekin batera, paperontzi adimendunak jarriko dituztela zehaztu dute: “eguzki energiaz elikatuko dira eta hondakinak trinkotzen dituzte”. Honako hondartzetan egongo dira: Laidatxu, San Antonio, Laida eta Laga, Isuntza, Karraspio, Arrigorri, La Arena, Ereaga, Arriatera-Atxabiribil, Plentzia, Gorliz eta Bakio.
Hondartzetarako sarbideetan dauden informazio kartelak ere berrituko dituztela adieraz dute, “irakurketa errazeko irizpideen arabera itxura aldatuz eta horietan agertzen diren erreferentziak eta loturak eguneratuz”.
Datuak. Guztira, 154 uretako soroslek eta koordinazio lanak egingo dituzten beste 15 pertsonak osatuko dute Istripuak Prebenitzeko, Sorospeneko eta Asistentziako zerbitzua. Modu honetara banatuta egongo dira: 2 Aritzatxun, 2 Laidatxun, 2 Toñan, 4 San Antonion, 6 Laidan, 4 Lagan, 2 Ean, 2 Ogellan, 3 Isuntzan, 5 Karraspion, 2 Arrigorrin, 7 Arenan, 2 Areetan, 5 Ereagan, 4 Arrigunagan, 3 Gorrondatzen, 5 Barinatxen, 7 Arriatera-Atxabiribilen, 2 Muriolan, 4 Plentzian, 6 Gorlizen, 2 Armintzan eta 7 Bakion.
Sorosle taldeagaz batera, hondartzetako segurtasuna zaintzen ibiliko dira 14 hondartzain, 8 egun bakoitzean.
Garbiketa eta mantenua. Bestalde, hondartzak garbitzeko eta mantentzeko zerbitzuan, 91 pertsona ibiliko dira lanean ekainetik irailera bitartean. Aurkezpenean azaldu dutenez, aurten ez dira paperontziak hareatzetan jarriko, hondartzetarako sarbideetan baizik: 380 paperontzi eta 42 bidoi jarriko dituzte hondakinak biltzeko. Kopuru hori, baina, aldatu egin daiteke antzematen dituzten beharren arabera.
Ekipamenduei dagokienez, aurten 84 dutxa, 76 iturri/garbitegi eta desgaitasuna duten pertsonentzako 6 iturri eta eserleku 1 jarri dituzte; halaber, 367 parrilla-plataforma eta egurrezko pasabideen 1.920 metro jarri dituztela azaldu dute.