Stolpersteine harri bat jarriko dute Busturian, Lekuonaren omenez
Bihar egingo dute "memoriaren baldosa" jartzeko ekitaldia, 12:00etan, Busturiko Altamira auzoko plazan.
Busturiko Udalak eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak oroitzapenezko Stolpersteine izeneko plaka bat jarriko dute 1945eko apirilaren 10ean Hrdistoko (Txekiar Errepublika) kontzentrazio esparru nazian hil zuten Angel Lekuona Beitia deportatuaren omenez.
“Memoriaren baldosa” jarriko dute, hain zuzen ere, Lekuonaren sorterrian. Stolpersteine izeneko plaka horretan busturiarraren izen-abizenez gain, jaiotza eta heriotza data jarrita daude. Jakitera eman dutenez, Hraistkon-en hartutako lurragaz batera jarriko dute plaka. Izan ere, 20 urtez osabaren arrastoari jarraitzen ibili den Anton Gandarias, Pragan egon zen apirilean. Bertan egin zituzten omenaldietan parte hartu zuen. Hara, Busturiko Altamira auzoko Apraize baserriko lurra eroan zuen, eta handik ekarri du lurra Busturira.
Stolpersteine proiektua doportazioaren ondorioz hildakoen oroimena bizirik mantentzeko ekimena da, eta gaur gaurkoz, 79.000 baldosa baino gehiago daude Europako 25 herrialdetan.
Txostena liburutegian. Lekuonari egingo dioten omenaldia bihar izango da, 12:00etan, Altamira auzoko plazan. Plaka jartzeaz gain, Agurra dantzatuko dute eta lore eskaintza egingo diote. Gainera, Joseba Agirreazkuenaga historialari busturiarrak eta osabaren arrastoak jarraitu dituen Anton Gandariasek emango dituzte azalpenak.
Interesa daukaten horiek guztiek, Busturiko liburutegian daukate ikusgai Angel Lekuonari buruz egindako ikerketaren txostena.
Lekuonaren errautsek Straniceko (Praga) errausketa-labe zibilaren memorialean jarraituko dute, hasieran errautsak herriratzeko asmoa bazeukaten ere.