40 eguzki panel jarri dituzte Foruko udaletxean
Alkateak esan du Foruko bizilagunentzat "eredu" izan gura dutela, eta bide hori jarraitzera animatu ditu herritarrak. Foruko Udalak onura fiskalak eskaintzen ditu energia berriztagarriak instalatzeko bidea errazteko.
Foruko Udalak jasangarritasun energetikoaren aldeko apustua egin du. Hala, udaletxean autokontsumoa bultzatu asmoz, 40 eguzki panel jarri dituzte. “Eredu energetiko barri honi esker, udaletxearen autokontsumorako balioak beteko dira, %60 aurrezteko”, esan du Foruko alkate Mikel Magunazelaiak.
Eraikina energia baldintza egokietan mantentzea dute helburu, “ingurumena askoz ere gehiago errespetatzen duen eta epe luzera iraunkorra izango den ereduagaz”. Eguzki panelak jartzeko inbertsioa 24.000 eurokoa izan da, hala ere, 22.800 euroko diru laguntza jaso dute Bizkaiko Foru Aldunditik.
Alkateak esan du Foruko bizilagunentzat “eredu” izan gura dutela, eta bide hori jarraitzera animatu ditu herritarrak. Jakitera eman duenez, udalak onura fiskalak eskaintzen ditu energia berriztagarriak instalatzeko bidea errazteko. Ildo horretatik, Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (OHZ) %15eko hobaria izango dute autokontsumorako eguzki panelak jartzen duten herritarrek, eta %95ekoa, berriz, eraikuntzen gaineko zergan. Hori bai, hobari horiek eskuratzeko, hobarien eskaera eta lizentzia udaletxean entregatu beharko direla azaldu du.
Udalak, hortaz, energia garbien erabilera sustatu gura du, trantsizio energetikorantz aurrera egiteko ezarritako Garapen Jasangarriko Helburuen (GJH) barruan: “Foruko Udaletik Nazio Batuek ezarritako Garapen Jasangarriko Helburuek markatutako ildoari jarraitzen diogu, besteak beste, ekoizpen eta kontsumo arduratsuak, energia eskuragarria eta kutsatzen ez duena, edo herri eta komuniatate jasangarrien sustapena. Horregatik, udaletxean energia azterketa bat egin dugu, energia kontsumoa ezagutzeko eta optimitzatzeko”.
Gainera, Magunazelaiak aurreratu duenez, udaletxeko eremu komunetan mugimendu detektagailuak instalatzeko asmoa daukate, “argia bakarrik pertsonaren bat dagoenean pizteko”. Fluoreszenteak ere kenduko dituzte, LEDekin ordezkatzeko.