Busturiko Gurasolagun egitasmoak 'Koloretako ziabogak' tailerra antolatu du zapaturako
Jakitera eman dutenez, 6 urtetik aurrerako umeentzako tailer "aproposa" da. Interesa daukatenek aldez aurretik izena eman behar dute.
Bustuiko Gurasolagun egitasmoak koloretako ziabogak tailerra antolatu du zapaturako (maiatzak 28). Tailerra Altamira auzoko tenis pistetan izango da, 11:00etatik aurrera. Tailerrak familian euskaraz jolasteko aukera emango duela gogorarazi dute antolatzaileek, eta doakoa da.
Hori bai, lekuak mugatuak direnez, tailerrean parte hartzeko asmoa daukatenek aldez aurretik izena eman beharko dute. Horretarako, 607 60 95 80 telefono zenbakira idatzi edo deitu beharko da.
Jakitera eman dutenez, 6 urtetik aurrerako umeentzako tailer “aproposa” da. Saioaren metodologia “guztiz dinamikoa” izango dela azaldu dute antolatzaileek, eta haurrak eta helduak elkarrekin arituko dira euskaraz ordubetez.
Taldeak osatuko dituzte tailerrean, eta multzo bakoitzak bere ibilbidea izango du. Ibilbidean bost ziaboga topatuko dituzte eta ziaboga bakoitzean zeregin bat izango dute parte hartzaileek: “Aniztasuna eta inklusioa jartzen dira erdigunean”.