Sollubeko gudariak gogoan izan dituzte, batailaren 85.urteurrenean
Mañun egindako ekitaldian gogorarazi dute, ehundaka hildako egon zirela Sollubeko batailan: "Horiek guztiak faxismoak hildakoak izan ziren, faxismoaren aurkako borroka batean".
Sollube 1937 elkarteak antolatuta, Sollubeko batailan izan ziren gudariak omentzeko ekitaldia egin dute gaur Mañun, batailaren 85.urteurrenean. Bi urteko geldialdiaren ostean, ekitaldia berreskuratu gura izan dute, eta oroimen ekitaldia egiten duten bosgarren urtea dela esan dute. Elkarteko kide Andoni Santiagok azaldu duenez, omenaldia egiten hasi ziren, uste zutelako herrian hutsune hori zegoela.
Gogorarazi dutenez, ehundaka hildako egon ziren Sollubeko batailan: “Horiek guztiak faxismoak hildakoak izan ziren, faxismoaren aurkako borroka batean”. Nahiz eta 85 urte igaro diren, faxismoa gaur egun “gero eta biziago” dagoela uste dute, eta “gero eta arazo larriagoa” dela. Mark Twainen esaldi bat gogora ekarri du Santiagok: “Historia ez da errepikatzen baina errima dauka. Eta errima hori gaur egun daukagun alderdi politiko batzuengan ikusi dezakegu, Espainiako estatu mailan zein Europan. Arazoa guretzako mehatxu zuzena da, baita ere askatasunarentzako eta zelan ez biziarentzako”.
Hala, bertoko magaletan bizia utzi zuten horiek guztiak omendu gura dituzte: “Ez dugu gura, era berean, hurrengoen bizia galtzen ikusi. Horregatik, uste dugu, faxismoa borrokatu behar dela zelan edo halan, instituzioetatik edo kaletik”. Borrokalari horien memoria “presente” eduki behar dela deritzote. Erresistentzia ere aipatu dute gaurko hitzaldian: “Gizon asko izan ziren erresistentzian, baina memoria kolektibotik kanpo geratu diren emakume asko eta asko ere egon ziren erresistentzian, modu askotara. Gaur egun hemen baldin bagaude, memoria guregana ekarri dutenei esker da, eta hori ere omentzekoa da”.
Faxismoaren “milaka aurpegiak” aipatu ditu Santiagok, “gauza askotan” ikusi daitekeela gaineratuta, “adi” egonez gero: “Alderdi politikoek euren diskortsoetan faxismoari agertzen dioten zuriketetan aurki daiteke edota egiten duten historiaren desitxuratzean. Hedabide batzuekin ere arretaz ibili beharra daukagu, gehiago zapaltzen gaituztelako”.
Gaur Mañu auzoan egin duten omenaldian Busturiko Akordaten herri dinamikako kideek ere parte hartu dute, eta egiten ari diren lanaren berri emateko aukera izan du taldeko kide Bittor Ruedak. Uste dute instituzioek herri mugimenduek egin behar duten lana “kapitalizatzen” ari direla. Hala, memoria historikoaren kontzientzia dituztenek “kalean eta mendietan gogor lan” egin behar dutela gaineratu du: “Solluberen bueltan ehundaka gudari dauzkagu lurpean; ez dakit konturatzen garen, zer den hori. Instituzioek ez dute orain arte ezin egin. Gure esku dago orain, gorputz horiek guztiak ateratzea eta memoria berreskuratzea”. Mañuko ekitaldian aipatu du beste behin ere, elkarlana bilatzen ari direla, eta horregatik hurbildu dira gaurkoan: “Inguruko hainbat herritan lanean ari gara. Denok batu eta elkarlanean aritu behar gara, aipatu ditugun gorputz horiek ateratzeko eta memoria egiteko”.
Aurrekoetan modura, aurten ere, Azoka Memorialista jarri dute Mañuko probalekuan bertan; Memoria Historikoko taldeen materiala salgai izan dute.
Txistu doinuak ere ez dira falta izan Mañuko probalekuan; besteren artean, Agurra eta Eusko Gudariak jo dituzte.