"Taldea bermeotarrekin osatzea posible litzateke lauzpabost urtera"
Hirugarren Mailara igotzeko aukerarik barik, play-offetako bi partidu falta ditu Bermeo FTak. Gazteenei aukerak emateko partiduak izan behar direla diote Ramos eta Ispizua beteranoek.
Ohorezko Mailatik Hirugarren Mailara igotzeko lehian zaudete, bi partiduren faltan eta aukerarik gabe. Denboraldiaren ze balorazio egiten duzue?
Aitor Ramos: Ilusio handiagaz hasi genuen denboraldia, blokea mantendu genuen, eta zer edo zer garrantzitsua egiteko gogoa geneukan. Ligako lehen bueltan polito ibili ginen, eta lehenengo ere egon ginen sailkapenean. Gerora, denboraldi txarra etorri zitzaigun, zortzi partidutik bat baino ez genuen irabazi, eta lesio ugari izan genuen taldean. Gu biok ere lesionatuta egon gara. Gauza asko batu ziren arren, ez dugu aitzakirik jarri gura. Alde onari begiratuta, gure lesioengatik taldeko gazteek jolasteko aukera eduki dute. Futbolistikoki liga ez da ondo joan, baina herriko gazte askok debutatu dute, eta taldea alde horretatik pozik egon daiteke.
Igor Ispizua: Mailaz igotzeko aukerak ikusi genituen hasieran. Bigarren faseko lehenenengo bueltan hasi ginen jaisten, nahiz eta ilusio handia geneukan.
Play-off-ak luze egiten ari zaizkizue?
I.I.: Jakina zen zaila izango zela. Hamar partidu ziren, 30 puntu zeuden jokoan, eta lehenengoek 11 edo 12 puntu ateratzen zizkiguten. Hortaz, aukerak eskasak izango zirela bagenekien. Hala ere, matematikek kontrakoa esaten ez zuten bitartean gu biok dena ematera atera gara. Azken momentura arte eusten dugun horietakoak gara. Aukerak dauden bitartean, amets ere egin daitekeelako. Aukerak gutxi direla ikusten denean, inkontzienteki bada ere, taldean eragina dauka. Nahiz eta dana eman, igarri egiten da. Gure defizita, hortaz, hori izan da, bigarren fasera aukera gutxigaz ailegatu garela.
A.R.: Ilusioa ezin genuen galdu, bestela bai luze egingo litzatekeela. Talde konprometitua gara, giro ona daukagu, eta horrek ere lagundu du, azken unera arte gozatzen gaudelako. Ez dugu 90 minutuko partidu oso bat ondo jokatu, momentu onak eduki ditugu, baina ez partidu oso bat.
Partidu biren faltan, eutsi ez eta amaiera borobila emateko asmoz zaudete?
A.R.: Guk gure lana egin behar dugu. Futbolean ari garenok, gustukoa dugulako gaude, ez goaz arratsalde pasa. Irabazi gura dugu, eta helburu horregaaz goaz partidu guztietara. Sei puntu geratzen dira, eta ahalik-eta hobeen egin gura ditugu gauzak. Bihar, Dinamo San Juanen kontra jokatuko dugu Itxas Ganen; kategoriaz igotzeko aukera daukate. Azken partidua, berriz, Derion daukagu, ez daukate ezer jokoan. Mailaz igotzeko aukerarik ez, baina gazteei esan diet beste motibazio bat bilatu behar dutela, helburu batzuk finkatu behar dituzte.
Aukerak gutxi direla ikusten denean, inkontzienteki bada ere, taldean eragina dauka. Nahiz eta dana eman, igarri egiten da.
I.I.: Gauza bat nabarmendu gurako nuke. Bi partiduren faltan, Bermeo FTk horiek erabili beharko lituzke gazteei jolasteko aukera eman eta datorren urtera begira probak egiteko ere. Gazteei ilusioa pizteko modu bat ere bada, motibazioa behar dute.
Zer moduz dago Bermeoko harrobia?
A.R.: Urte batzuk daramatzat nik klubean lanean, entrenatzaile laguntzaile modura egon naiz eta, orain, metodologia lanetan ari naiz. Uste dut urte askotan ez dela herriko harrobia landu, Bermeoko talde nagusian dauden herriko jokalariak ikustea baino ez dago, oso gutxi dira. Iaz, baina, Mikel Jauregizarrek Athleticen amaitu zuen eta Alvaro Uriarte ere Eibarrera joan zen. Aurten, talde nagusian jokatu duten gazteak ere baditugu. Azken urteetan harrobia ondo lantzen dabil kluba. Uste dut lauzpabost urtera posible litzatekeela talde nagusiak hamaikako bermeotarra edukitzea, oinarri sendo bat bai, behintzat. Ondoren, urte askotan kanpoan jolasten ibili garen jokalariak ere batzen gara taldera, esperientziagaz, eta gazteei laguntzeko prest gaude beti. Uste dut klubarentzako ere garrantzitsua litzatekeela, bazkide gehiago erakarri ahalko luke bermeotar gehiago taldean egonda.
I.I.: Zaila da kanpoko jokalariak Bermeora etortzea, Sollube daukagu tartean. Eskerrak Gernikako jokalariak ditugun, eta etorri direnak, gainera, lehiakorrak dira. Lagundu egin digute talde lehiakorra sortzen.
Zenbat eta jende gehiago egon harmailetan, motibazioa askoz ere handiagoa da; profesionaltasunaren plusa sentitzen duzu
Harmailetan jendea egotea garrantzitsua al da?
A.R.: Zenbat eta jende gehiago egon harmailetan, motibazioa askoz ere handiagoa da; profesionaltasunaren plusa sentitzen duzu. Bermeon ere aurten zenbait partidutan jende asko egon da. Giroa entzuteak asko laguntzen du.
I.I.: Zaila da Itxas Gane betetzea, baina bi aukera daude hori gertatzeko: sailkapenean ondo joatea edo taldea Bermeoko jokalariekin osatuta egotea.
Taldean beteranoak zarete. Zuen etorkizuna zelan ikusten duzue?
I.I.: Nik 11 urte daramatzat Bermeon jokatzen, 29 urtegaz etorri nintzen herriko taldera. Ez dakit aurrerantzean zer egingo dudan, lesio handia eduki dut sorbaldan. Gurako nuke jarraitu jolasten, baina gauza asko dauzkat baloratzeko, txarto pasatu dudalako. Urte onak bizi izan ditut, Toñogaz egin genuena gogoratzen dut hoberenetarikoa moduan; 2.B mailara igotzeko lehian egon ginen.
A.R.: Nire kasuan, bi urte daramatzat Bermeon. Gaztetatik ibili izan naiz kanpoko taldeetan. 10 urte nituenean joan nintzen Athleticera, eta talde desberdinetan egon ondoren, 35 urtegaz bueltatu naiz. Beste aukera batzuen artean, etxean geratzea erabaki nuen. Bermeon jolasteko ilusioa ere baneukan, nagusitan ez dut aukerarik eduki eta. Futbola utzi orduko etxean jolastu gura nuen, eta orain, urtez urte. Nik oraindik ere jolasten ikusten dut neure burua, fisikoki ondo ikusten naiz. Denboraldia amaitzen denean, klubagaz jesarri eta ikusiko dugu. Ibilbidea Bermeon amaitzea gustatuko litzaidake, horretarako etorri nintzen. Nire seme-alabek ni jolasten ikustea zen nire ilusioa, eta lortu dut.
Errealistak izanda, Bermeo FT zein mailatan ikustea gustatuko litzaizueke?
I.I.: Ikusi gura, ahalik eta goren, baina uste dut Bermeoren kategoria Hirugarren Maila dela, kategoria polita da. Oraingoa ez dago txarto, baina Bermeori txiki geratzen zaio.
A.R.: Historikoki Bermeo Bizkaian talde garrantzitsua izan da, batez ere, Hirugarren Mailan. Hala eta guztiz ere, uste dut, zahar geratu dela instalazio kontuetan. Herriko jokalari askok alde egiten dute gaztetan, eta asko instalazio kontuengatik. Bermeorentzako garrantzitsuena izango litzateke Itxas Ganeko zelaia aldatzea eta artifiziala jartzea. Penta txikia da, kadeteetatik gora zelaia txiki geratzen zai, eta ez dute gozatzen. Entrenamenduak beste kalitate bategaz egiteko aukera emango luke horrek, eta harrobia lantzeko garrantzitsua izango litzateke.