Gida bizia, udalerri bizientzat
55 urtetik gorakoentzat Busturialdeko udalerrietan dauden zerbitzuak eta ekintzak jasotzen dituen gida sortu dute: AdinBizi. Zahartze aktiboaren eta positiboaren mezua helarazi dute.
Herri bizi eta osasuntsuak izateko, herritarrak zaindu behar dira eta, horretarako, besteak beste, askotariko zerbitzuak eskaintzen dituzte tokian tokiko erakunde publikoek. Zerbitzu eta aukera horietako batzuk eta bestelakoak biltzen ditu AdinBizik. Zilar ekonomia bultzatzeko eta “adineko pertsonek Busturialdean dituzten aukeretaz gozatzeko dauden zerbitzuen informazio iturriak eskuragarri izateko asmoz” jaio berri da Busturialdeko Zerbitzuen Gida.
Gida aktibatzailea bezala izendatu dute, eskualdean 55 urtetik gorakoek “euren gorputzak eta buruak aktibatzeko” baliagarriak izan daitezkeen zerbitzuak laburbildu baitituzte. Zahartze positiboa, Jarduera fisikoa, Kultura eta hezkuntza, Aisialdia eta Elkarteak atalak ditu gidak –atal danetan sarreratxo bana dago ekintza edo jardueren aurretik –.
Besteren artean, gorputza zein burua “martxan izateko” ekintzak zehazten dira; izan ere, gidan gogoratu bezala, nagusitzeak “gero eta osasuntsuago bizitzeko” aukera ematen du adine-
koen ongizate fisiko, mentala eta emozionala lantzen bada. Ariketa fisikoak eta kirola egiteak osasuna, gaitasun funtzionala, bizi-kalitatea eta independentzia 2hobetzen laguntzen” du, eta, gainera, “lotura-sozialak areagotzen dituzte”.
Zilar ekonomia
Jarduera-gida Lanbide Ekimenak zentroak argitaratu du Busturialdeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateagaz, Urremendi Landa Garapen Elkarteagaz eta Gernika-Lumoko Turismo Bulegoagaz lankidetzan. Sarean eskuratu daiteke gida: adinbizi.wordpress.com eta www.lanbide-ekimenak.eus.
Lanbide Ekimenak egindako deialdian, zilar ekomoniari buruzko proiektuak aurkeztu behar zituzten, eta Elia Malaxetxebarriarena eta Paul Asuarena hautatu zuten; eurek egin dute AdinBizi. “Ez genekien zer zen zilar ekonomia, eta ikertzen hasi ginen. Zilar ekonomia da 55 urtetik gorakoen inguruan sortzen den ekonomia, bai administrazioak ematen dituen diru laguntzak, bai eurek sortzen duten ekonomia, adibidez, aisialdian. Eta beste adibide bat dira eurei zuzendutako zerbitzu eta produktu zehatzak. Bestalde, segmentu batzuk daude: 55 urtetik 65 urtera, 65 urtetik 75 urtera eta 75urtetik gorakoena. Horien artean zein segmentu barruetan desberdintasun asko daude, 55-60 urteko pertsona batzuk fisikoki oso ondo daude, eta adin bereko beste batzuk txarto, eta beste adin tarteetan ere gertatzen da. Guk ez dugu ezer asmatu. Ikerketa sakon bat eginda ikusi genuen halako gidak beste leku batzuetan egon direla, batez ere, Gipuzkoan. Haien eredua hartu genuen; hari horri tiratu, eta gure estiloa edo ukitua eman genion”, kontatu du Asuak.
Proiektua zehaztu ostean, Urremendi Landagarapen Elkarteko, Busturialdeko Mankomunitateko, Lanbide Ekimeneko, Behargintzako eta Gernikako Turismo Bulegoaren ordezkariek osatzen duten talde eragileari proposamenak egin zizkieten: “Adineko pertsonentzat gida edo programa bat sortu nahi genuela esan genien, eta konfiantza guztia eman ziguten”. Analisia egin eta gero, helburuak finkatu zituzten: “Helburua zen AdinBizi kaleratzea, eta kontzeptu hori aho guztietan ipintzea; zabalkundea ematea udaletxe guztietan, eta ahalik eta pertsona gehienengana heltzea. Udal guztiei erakutsi genien gida, aurrez aurre”. Eurena “batez ere kontzientziazio kanpaina” izan dela dio Asuak, eta, orain, “pilota” eskualdeko erakunde publikoen esku utzi dute.
Udalez udal batzartuta, herri bakoitzak 55 urtetik pertsonentzat dauzkan zerbitzuak edo proiektuak ikusi zituzten: “Ze jarduera, ze pentsamendu, ze proiektu… dituzten, adin tarte horretako zenbat biztanle dituzten aztertu genue, besteak beste, egoeraren analisia egiteko”. Euren lanketa lehenengo pausoa dela azpimarratu dute: “Gida bat da, ez da agenda bat, eta bertan bildu ditugu herri guzietan dauden adineko pertsonentzat aproposak diren jarduerak edo ekintzak. Informazioa batu eta kaleratu egin dugu”.
Gidaren antolamendua ez dute herrika egin, jardueren arabera baizik. “Adibidez, yoga egin gura baduzu eskaintza hori daukaten udalerriak agertzen dira, eta interesa daukatenentzat telefono zenbakiak eta bestelako informazio guztia eguneratuta dago”.
Bizitza itxaropena, gora
Egileek erabilgarri izateko helburuagaz sortu dute eta, beraz, espero dute Busturialdeko herritarrentzat lagungarri izatea: “Espero dugu jendeak erabiltzea, eta ez geratzea kaxoi batean. Busturialde mailan aurreko urteetan adineko pertsonentzako egindako proiektuak eta ikerketak ikusi ditugu, eta dena dago kaxoi batean, ez da kaleratu ezer. Guk ez genuen hori gura; esan eta esan, ekin eta ekin, jendea kontzientziatu nahi izan dugu, hurrengo urteetan dagoen kurba demografikoaz jabetu daitezen”.
Gidaren egileak esan legez, bizi itxaropenaren gorakadagatik demografia aldaketa nabarmenak gertatu eta gertatuko dira, eta hori da jendarteak egun daukan erronketako bat: “Epe laburrean nagusi pila bat egongo gara eskualdean. Hurrengo hamar urteetan arazo bat izango da, eta arazo hori aukera bihurtzea da gure erronka. Busturialdeko herri batzuk Bizkaiko zaharrenetarikoak dira, adibidez, Elantxobe eta Ereño”.
Zahartze positiboa, Jarduera fisikoa, Kultura eta hezkuntza, Aisialdia eta Elkarteak atalak ditu gidak
Horregatik, egileen ustez, beharrezkoa da etorkizuneko zerbitzuak egokitzea eta berbideratzea “adinekoen lehentasunei, beharrei eta eskaerei” erantzuteko, horiek izango direlako, batez ere, etorkizuneko jarduera ekonomiko gehienak bultzatuko dituztenak zenbait esparrutan: aisia, ongizatea, garraioa, etxebizitzak, kultura… “Jubilatzean denbora asko daukate, eta beste aktibitate batzuk egiten dituzte. Hori orain arte ez da kontuan hartu. Estereotipoak ere asko aldatu dira; gaur egun, 60 urteko pertsona bat gaztea dela esan daiteke, ez dela hain zaharra esaten da, eta orain dela 20 urte zahartzat jotzen zen, eta uste zen ezin zitekeela oporretan surfa edo halako kirolen bat egiten joan, adibidez”.
Behatokiaren beharrizana
Mezu baikorra helaraztea izan da euren asmoa. Epe luzerako proiektuak eginda eta ondo pentsatuta, gauza asko egin ahal direla dio Asuak: “Gure asmoa izan da bultzatzea, eta lehentasunak zeintzuk diren azaleratzea edo salatzea; izan ere, hau lehentasun demografikoa da. Naturaren kontra ezin dugu ezer egin, eta hori gainera etorriko zaie denei, alderdi politiko zein agintari denei. Dirua inbertitu behar da alor honetan. Lehenengo pausoa dela azpimarratu nahi dugu, eta hemendik aurrera AdinBizi marka hori aurrera ateratzea, segitzea nahi dugu”.
Lanbide Ekimenak edota Behargintzan behatoki bat sortzea proposatu dute: Adinbizi Busturialdeko Ekonomi Behatokia. “Urte guztian adineko pertsonek bulego bat eduki dezaten euren arazoak konpontzeko, zalantzak argitzeko etab. Guk esan genien, gure ikerketa eta analisia aztertuta, behatoki baten beharrizana dagoela eskualdean”.
Jon Lejarraga Lanbideko Ekimenak erakundeko presidentearen esanetan, biztanleriaren zahartzeak, besteak beste, gizartearen eskariei, kontsumitzaile berriei eta gizarte berriari irtenbideak emateko erronka sortzen du: “Azken horretan bat egiten dute digitalizazioak, zahartzeak eta pandemia ondokoak. Izan ere, administrazioetatik arreta berezia eskaini behar dizkiegu Silver Economyk dakartzan aukerei, adinekoen beharrei eta motibazioei erantzutera bideratutako jarduera da eta”.
Gidan azpimarratzen denez, zahartzeak “esperientzia positiboa” izan behar du, eta horretarako, adinekoen ongizate fisikoa, mentala eta emozionala landu behar da, euren bizitza kalitatea “ahalik eta gehien hobetzeko”, gaur egun, nagusi egitea ikastea, zaintzea, aktibatzea, gozatzea, partekatzea… baita.