310 ikasle batuko ditu zientzia eta teknologia egunak Astran
Guztira, 585 ikasle batuko dituzte zientzia eta teknologia egunek Lea-Artibain eta Busturialdean. Izan ere bi saio egingo dituzte, lehenengoa gaur, Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegian. Bertan elkartuko dira Lea-Artibaiko 275 ikasle eta datorren barikuan [maiatzak 20] Gernika-Lumoko Astran batuko dira Busturialdekoak.
2019an antolatu zuen lehen aldiz Lea-Artibai eta Busturialdeko Kooperatiben Mahaia Elkarteak, Leartibai Fundazioarekin elkarlanean, Zientzia eta Teknologia Eguna. Pandemiaren ostean indarberrituta itzuli da ekimena, eta jardunaldi bikoitza prestatu dute aurtengorako.
Lehenengo jardunaldia gaur izango da Markina-Xemeingo Atxondo kiroldegian, 09:30etik 15:00etara bitartean. Lea-Artibaiko LH6ko 275 ikasle batuko dira bertan, zientziaren eta teknologia oinarri hartuta. Eta datorren barikuan izango da Busturialdeko ikasleen txanda. DBH4ko 310 ikasle batuko dira, Gernika-Lumoko Astran.
EHUko eta Leartiker Zentro Teknologikoko ikertzaileak eta arlo horretan adituak diren bi enpresaren eskutik, robotika, materialak, elektronika, matematika eta elektrizitatea landuko dituzte hamahiru tailerretan. Kooperatiba Mahaien Elkarteak Burdinola, Cikautxo, Eika, Fagor Arrasate, Kide, Laboral Kutxa eta Maier enpresek osatzen dute eta ekimen honetarako Bizkaiko Foru Aldundiaren babesa dute.
Eskualdera hurbildu.
Zientzia eta Teknologia Eguna Talentatu proiektuaren barnean kokatzen da. Kooperatiben Mahaia Elkarteak 2018-2019 ikasturtean jarri zuen martxan proiektua Leartibai Fundazioagaz batera Lea-Artibai eta Busturialdeko hainbat ikastetxetan. Helburua da eskualdeen nortasuna erakustea STEAM ( Science, Technology, Engineering, Art, Mathematics) ikasgaien sustapenaren bidez. Balioan jarri nahi dute eskualdeko enpresetako lana eta, horretarako, eskualdearen ezagupena sustatu nahi dute, industria zelakoa den erakutsi eta etorkizunean bertoko enpresak beharko dituzten langile profilak ezagutzera emango dituzte.
Zientzia eta Teknologia Eguna, berriz, ez da proiektuak aurrera eramaten duen ekintza bakarra. Pandemiaren unerik zailenetan ere ekimenak antolatu dituzte, sareko formatuan batez ere, eta, orain, izandako arrakasta ikusita, jatorrira itzuli nahi dute Lea-Artibaiko eta Busturialdeko ikastetxeekin elkarlanean talentua sortu, mantendu eta eskualdera erakartzeko asmoz. LH1etik Prestakuntza Zikloetako ikasleetaraino bideratutako ekintzak dira, eta aurtengo ikasturtean dagoeneko bi eskualdeetako 25 ikastetxeetako 2.314 ikaslek parte hartu dute ekimen desberdinetan.
Talentatu proiektuagaz ikasleak eskualdean lanean gelditzea sustatu nahi dute, enpresa eta ikastetxeen arteko elkarlanaren bidez ikasleak eskualdeagaz eta bertoko enpresekin duten harremana eta ezagutza hezkuntza ibilbide guztian zehar txertatuz. Hau da, ikasketak dituzten ikasleak lanera kanpora atera beharrean, eskualdean bertan gelditzea eta kooperatibek behar dituzten profileko langileak bertakoak izatea lortu nahi dute.
Kooperatiba eta enpresatara bisitak egin dituzte, bertako langileak ikastetxean jaso, hitzaldiak antolatu dituzte, enpresetan egun bateko egonaldiak egin, ikasleen arteko herri trukaketak egin dituzte baita erronken lanketan egin edota pandemian bideo-elkarrizketak prestatu. Ekintza horietako beste bat da Zientzia eta Teknologia Eguna.