Ertzillatarren historia ezagutzeko aukera egongo da uztailean
EHUk eta Bermeoko Udalak elkarlanean antolatu dute udako ikastaroa, uztailaren 14 eta 15erako. 'Ortube' ontziari buruzko bigarren ikastaro bat ere hartuko du Bermeok.
Uda honetan Bermeoko Ertzilla familiaren historia ezagutzeko aukera emango dute UIK eta Bermeoko Udalak; izan ere, bi eguneko udako ikastaroa antolatu dute uztailaren 14 eta 15erako. Hain zuzen ere, Ertzilla Dorretxearen baitan dagoen Arrantzaleen Museoan eskainiko dute Ertzillatarrak, garai baten paradigma izeneko ikastaroa.
Bilboko Hezkuntza Fakultateko dekano Asier Romero Andonegi bermeotarraren eta Deustuko Unibertsitateko irakasle Mikel Mancisidor de la Fuenteren zuzendaritzapean, Ertzilla familia bermeotarraren garrantzia aztertu eta, aldi berean, ondare historikoaren hedapenari eta hezkuntzari buruzko gogoeta egingo dute udako ikastaroan, “ondareak, elementu bereizgarri gisa, gizartean duen balio eta iraunkortasunaz kontzientzia sortzeko”. Izena emateko epea zabalik dago, eta uztailaren 13ra arte egin daiteke www.uik.eus webgunean.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak esan du aurkeztu duten egitasmoak “zuzen-zuzeneko lotura” duela bermeotarren nortasunagaz, baita ere bermeotarren historiagaz: “Bermeoko Ertzilla familia ardatz hartuta, gure historiaren parte bat ezagutzeko aukera egongo da, baita ere horrek zer suposatu duen eta zer nolako sustraiak jarri dituen gaurko Bermeorainoko ibilbide horretan. Bermeon ondo ezagutzen dugun familia da Ertzillatarrena, ondare historiko horretan badagoeko atal bat gure sentizen duguna, Ertzilla Dorretxea. Dorretxeaz gain, horretan egon den familia bat ezagutzeko aukera edukiko dugu oraingoan”.
Gogorarazi duenez, Ertzillatarren familia Bermeoko historiaren “funtsezko une” baten ordezkariak izan ziren, eta arlo desberdinetan jardun izandakoak, gainera: “Itsasoagaz lotura eduki zuten, baina baita politikagaz ere. Nazioarte mailan Bermeoren izena zabaldu duen familia bat izan da, eta ibilbide hori balioan ipintzeko ahalegin berezia egingo da udako ikastaro honetan. Ahalegin berezia egingo da, gainera, prestigiozko ikastaroagaz, prestigiozko parte hartzaileekin eta luxuzko zuzendaritza bategaz”.
Emakumeen garrantzia. Ertzillatarren familiako kideak aztertuko dituzte ikastaroan, eta familia horretako emakumeek jokatu zuten papera ere balioan jarriko dutela esan dute: “Sarri entzun izan dugu Bermeoko historian emakumeek izan duten garrantzia. Eta, hori, horrela da, baina, gizonezkoak arrantzan zeuden bitartean emakumeek egin zutena jartzen dugu erreferentziatzat. Hala ere, Erdi Arora salto egin eta familia honi erreferiantzia egiten diogunean ikusiko dugu garai hartan ere emakumeek itzelezko papera jokatu zutela herri honetan eta herri honen historian”.
Udako ikastaroaren baitan, bisita gidatua egingo dute herritik, eta XVI.mendeko Bermeo ezagutzea izango dute ardatz nagusi, gaur egun bizirik dauden aztarnak ikusita. Bisita “erreala eta birtuala” izango dela zehaztu dute.
Abaroa, gainera, “pozik” agertu da, Ertzillatarrena ez delako uda honetan Bermeon eskainiko den ikastaro bakarra. Euskal Herriko Unibertsitateagaz (EHU) elkarlanean ere, herriko ondareagaz lotura zuzena duen beste ikastaro bat ere egongo da aukeran. Egurrezko Ortube itsasontziari lotutako udako ikastaroa izango da bigarrena; haren berreskuratze eta berriztatze prozesuari buruzko ikastaroa izango dela aipatu du: “Udako ikastaroen ibilbidean, Bermeo izango da uda baten ikastaro bi eskaintzen duen lehenengo herria”.
Asier Romerok gogora ekarri du, “zoritxarrez”, Bermeoko dokumentazio historikoa, Erdi Arokoa, desagertu egin zela 1504ko abenduko sutean; “garai, hori, beraz, ez dago horren ikertuta, herriko iturriak desagertu egin zirelako”. Dioenez, “aitzakia desberdinak” behar dituzte hutsune horiek betetzeko, eta Ertzillatarrek ematen dutena “funtsezkoa” da Romeroren arabera: “Bi mendetan izandako harreman eta lotura sozial guztiak Bermeoko Familia batean daude islatuta”. Era berean, ondare historikoaren hedapenari eta hezkuntzari buruzko gogoeta egingo dutela aipatu du.
Abaroak zein Romerok jendea animatu dute udako ikastaroan izena ematera eta parte hartzera. Biek espero dute, gainera, ikastaro hau ibilbide baten hasiera izatea, uste dutelako “gure ondareak orokorrean”, aukera asko ematen dituela.