Bermeoko Udalak HITZAren 78 ale banatzen jarraituko du aurten ere
Udalak eta Lea-Artibaialdeko Hedabideek sinatu duten akordioari esker, LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA banatzen jarraituko da leku publikoetan.
Bermeoko herritarren artean egunero euskaraz irakurtzeko ohitura zabaldu eta irakurzaletasuna bultzatu asmoz, Bermeoko Udalak eta Lea-Artibaialdeko Hedabideek akordioa sinatu dute beste urte batez. Hala, leku publikoetan LEA-ARTIBAI, MUTRIKU ETA BUSTURIALDEKO HITZA egunkariaren 78 harpidetza banatzeko akordioa adostu dute.
2008. urtean sinatu zuten lehenengoz akordioa; ordutik, Bermeoko Udalak hainbat leku publikotan utzi izan ditu egunero HITZA egunkariak.
Aurreko urteetan egin modura, bi aldeen artean erabaki dute harpidetza horiek nora bideratu, eta aurreko urteko leku berberatan uztea adostu dute. Hortaz, liburutegian, Gizarte eta Kultura Etxean, Berhaz bulegoan, Zaharren Egoitzan, Musika Eskolan, Gizarte Ongizate sailan… aurkitu daitezke egunkariak. Gainera, herritarrek egunkariak handik hartzeko, Osasun Zentroan, Kafe Antzokian eta Euskotrenen geltokian atrilak jarri ziren iaz, eta aurten ere horrela jarraituko dute.
Aldaketak. Gogorarazi dutenez, pandemia aurretik itxaron gelak zeuden lekuetan uzten ziren egunkariak, ile apaindegi edota fisioterapia zentroetan, esate baterako. COVID-19aren eraginez, baina, egunkaria eskuz-esku ibiltzea ekidin behar zen, eta egunkaria hartu eta norberak eroateko moduan jarri ziren iaztik.
Bermeoko Udalak 5.000 euro bideratu ditu HITZAko harpidetzetara, eta azaldu dutenez, aurtengo harpidetzak 2023ko ekainera arte bermatuta egongo dira.