Bermeoko Udala Klimaren Aldaketara Egokitzeko Plana prestatzen dabil
Hasierako dokumentua egin eta parte hartze prozesua bultzatuko dute herritarrak inplikatzeko. Plana urte amaierarako eginda egotea aurreikusten dute.
Bermeoko Udala prestatzen hasi den Klimaren Aldaketara Egokitzeko Planaren helburuak honakoak dira: klimaren aldaketak Bermeon dituen arriskuak eta eraginak ebaluatzea eta ezagutaraztea, klimaren aldaketaren aurrerapenaren aurrean udalerriak dituen kalteberatasunak baloratzea eta horiei buruzko informazioa ematea, hautemandako arrisku bakoitzerako egokitzapen aukerak identifikatzea eta bide orri bat ezartzea, udal politikek egokitzapen beharrak txerta ditzaten.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak esan du klimaren aldaketa errealitatea dela, eta beste herriak bezala, Bermeo ere errealitate horretara egokitu behar dela: “Datorren belaunaldiei guk hartu genuena baino herri hobea uztea da gure betebeharra, eta lehenbailehen ekin behar diogu aldaketa horri. Klimaren aldaketaren arriskuak eta inpaktuak identifikatu behar ditugu, alternatibak zehaztu eta jarduketa programa bat egiten hasi. Alarmismo barik, baina helburu argiagaz: guztiongan eragina duen aldaketa hori geldiarazten saiatzea”. Horregatik guztiagatik, alkateak esan du, udalerriko hainbat eragile inplikatu gura dituztela prozesuan.
Klimaren Aldaketara Egokitzeko Bermeoko Planaren hasierako dokumentuak hainbat atal edukiko ditu: arriskuen eta inpaktuen analisia, diagnostikoa eta helburuak eta proposamenak. Atal horiek gauzatu ostean, hasierako dokumentua prestatuko dute, eta parte hartze prozesua bultzatuko dutela esan dute herritarrak inplikatzeko.
Ondoren, planaren hasierako dokumentutik eta parte hartze prozesuan jasotako proposamenetatik abiatuta, Klimaren Aldaketara Egokitzeko Bermeoko Planaren behin betiko dokumentua idatziko dute. Aipatu plana urte amaierarako eginda egotea aurreikusten du udalak.