Abiña izan dute hizpide Batzar Nagusietan, berriro ere
Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakekiko Hartu-Emanetarako Batzordeak atzera bota du Abiña Busturian sartzeko erabakiari buruz aldundiari txosten teknikoa egitea eskatzeko EH Bilduk egin duen proposamena.
Beste behin ere, Abiña auzoa izan dute hizpide Bizkaiko Batzar Nagusietan. Oraingoan, Eskaeretarako eta Herritarrakekiko Hartu-Emanetarako Batzordeak atzera bota du EH Bilduk egindako proposamen bat. Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen zioten Abiña auzoa Busturian sartzeko erabakiari buruzko txosten teknikoa egitea. Proposamena, baina, ez da onartu; aldeko sei boto –oposizio osoa– eta kontrako bederatzi boto izan ditu.
Foru Gobernua osatzen duten taldeek kasua “daborduko epaitu dela” diote. Era berean, bere garaian, 2017. urteko otsailean, Bizkaiko Batzar Nagusiek erabakia hartzeko “beharrezkoak ziren txosten teknikoak” egin zirela defendatu zuten barikuko batzordean. jeltzaleek eta sozialistek ez dute ulertzen “talde batzuek gai hori berriro zabaldu gura izatea”.
Bizkaiko Batzar Nagusietako Eskaeretarako eta Herritarrakekiko Hartu-Emanetarako Batzordean berba egiteko aukera izan zuten Sukarrietako Sandinderi taldekoek martxoaren 11n. “Bidegabekeriaz kendu” ziotena berreskuratzea dute helburu, eta horretan lanean dabiltza, eta jarraituko dutela zehaztu dute. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia “faltsukeria” batean oinarrituta dagoela frogatzeko bertaratu ziren Bizkaiko Batzar Nagusietara.