Udaberri Kulturala dakar Buselektrikuek, kultura bultzatu asmoz
Buselektrikue antzerki taldeko kideek lehenengoz taularatuko dute 'Añenak publikoari' antzezlana maiatzaren 27an, Arrantzaleen Museoan; doan izango da.
Kultura bultzatzearen aldekoa da Buselektrikue antzerki taldea elkartea, eta udaberria aukeratu dute elkartetik kulturari bultzada eman eta aipatutako sasoirako familia guztiarentzat zuzendutako eskaintza kulturala prestatzeko. Hala, sei hilabeteko lan “nekagarriaren” ostean, “oso pozik” aurkeztu dute lehen Udaberri Kulturalaren egitaraua.
Egitaraua bihar hasiko da, aurtengo 22. Donostia Antzerki Saria irabazi duen Antigone edo ezetzaren beharra antzezlanagaz. Antzezlan horretako aktore da, gainera, Buselektrikue antzerki taldeko irakasle Jon Ander Urresti aktore bermeotarra.
Maiatzaren 14rako eta 15erako, berriz, gorputz adierazpena lantzeko tailerra antolatu dute. Antzerki taldearen irakasle ohi Eneritz Artetxe gernikarrak eskainiko du, Arrantzaleen Museoan. Gehienez, hamabost lagunek parte hartu ahalko dutela jakitera eman dute antolatzaileek.
Maiatzaren 27a Buselektrikue antzerki taldeko kideentzako “egun handia” izango da, Añenak publikoari antzezlana taularatuko baitute. Azaldu dutenez, “urduri” daude estreinaldiagaz, baina “ilusio handia” daukate. Azken asteetan “gogor” lanean ari dira publikoaren aurrean dena ondo ateratzeko. Taldeak euskaratu duen obra da, eta Arrantzaleen Museora egokitu dute. 55 pertsonentzako lekua egongo dela zehaztu dute.
Azkenik, ekainaren 3an, tailerreko kide Motx pailazoaren txanda izango da. Familientzako ikuskizuna estreinatuko du Kafe Antzokian: Pozaren parkean. 45 minutuko ikuskizun “ederra” dela aipatu dute, eta 4 urtetik gorakoentzako saio “aproposa” dela diote.
Egitarauko ekintza guztiak dohainik izango dira, hala eta guztiz ere, sarrerak www.buselektrikue.eus webgunean erreserbatu behar dira. Motx pailazoaren ikuskizunerako sarrerak astelehenetik aurrera egongo dira eskuragarri, beste guztiak dagoeneko badaude.
Udaberri Kulturala antolatzeko eduki dituzten zailtasunak aipatu dituzte: “Hainbat gauza aurkeztea eskatzen ziguten. Lokalekin ere arazo asko daude herrian, langileen greba dela-eta are gehiago, Nestor Basterretxea aretoa, esaterako, ezin daiteke erabili. Buelta asko eman ditugu. Azaroan hasi ginen, eta duela aste pare bat zarratu genuen”.
Udaberri Kulturala antolatuta, Buselektrikue antzerki tailerra eta hortik eratutako elkartea eta horien ibilbideak ere eman gura dituzte ezagutzera. Izan ere, gogorarazi dutenez, tailerra 2010ean sortu zen. Buselektrikue antzerki tailerreko kideek Maite Zarate euskara teknikariak tailerra aurrera ateratzeko egindako lana eskertu gura izan dute; “bera barik ez zen martxan egongo”, esan dute.
Ilusioa galdu barik. Zaratek esan du Bermeon antzerkirako zaletasuna bazegoela eta bazegoela baita ere antzerki munduko jendea, baina “hutsune handi” bat zegoen haren iritziz: “Antzerki munduan zebilen jendea gaztelaniaz zebilen, eta sorkuntza alor horretan hutsune handia zegoela ikusi genuen. Horregatik, Eneritz Artetxegaz batera hasi ginen lanean ilusio eta indar handiz”.
Hainbat urte pasa diren arren, ilusioa ez dela galdu uste du Zaratek: “Jende asko igaro da tailerretik eta bizitasun handia eman zaio”. Gogorarazi du taularatuko duten lehenengo estreinaldia oraingoa izango bada ere, hasieratik herri mailan hainbat proiektutan parte hartu duela Buselektrikue antzerki taldeak.
Tailerraren ibilbidea nabarmendu du, eta zenbait herritarrei ateak zabaltzeko balio izan duela gaineratu du; “maila erdi-profesionalean eta profesionalean bidea egiten hasi dira horietako batzuk. Emaitza oso polita da”. Etorkizun “oparoa” dagoela uste du euskara teknikariak.
Gaur egun, hamar herritar daude Buselektrikue antzerki taldean; adin guztietako herritarrak. Ateak zabalik dauzkatela diote, gainera, eta herritarrak animatu dituzte datorren ikasturtean tailerrean izena eman dezaten.