'Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa' dokumentala, Astran
Dokumentalaren emanaldiaren ostean, Bertha Gaztelumendi zuzendariarekin eta Sabino Ormazabal gidoilariarekin solasaldian elkartuko dira bihar (maiatzak 6).
Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentala (2019) eskainiko dute bihar (maiatzak 6), 19:00etan, Astran. Ostean, Bertha Gaztelumendi zuzendariarekin eta Sabino Ormazabal gidoilariarekin (jatorrizko ideia eta gidoria) solasaldian batuko dira.
1979an, Three Mile Islandeko (Harrisburg, AEB) istripu nuklearraren ondoren, eta Ingurumenaren Nazioarteko Egunaren ospakizunekin bat eginez, -ekainaren 3an-, nazioarte mailako mugimendu antinuklearrak hainbat mobilizazio antolatu zituen. Tuteran ekitaldi bat burutzea erabaki zuten. Izan ere, euskal kostaldean programatutako hiru zentral nuklearrez gain (Lemoiz, Ea-Ispaster eta Deba), Arguedasen (Tutera alboan) beste bat eraikitzeko proiektua zegoen, eta horren aurka agertzeagaz batera, Bardeetako tiro-eremua desegitea ere aldarrikatu zuten. Baimendutako manifestaldi baketsu hartan, Gladys del Estal Ferreño Guardia Zibil baten tiroaren ondorioz zendu zen.
Ez, eskerrik asko! Gladysen leihoa dokumentalean Tuteran hildako 23 urteko gaztea nor zen eta gertakariok nola jazo ziren kontatzen dute, baita Euskal Herrian zein nazioartean zentral nuklearren ezarpenaren kontra 70ko eta 80ko hamarkadetan izandako erresistentzia mugimenduaren erretratua egin ere. Dokumentalak deskribatzen duen errealitatearen arabera, “Gladys ez zen izan bortizki hil zen pertsona bakarra”. Gazte ekologistaren heriotzaren aurretiazko eta ondorengo gertakariak jaso ditu filmeak eta garaiko euskal gizartearen gehiengoa erakarri zuen mugimendu soziala irudikatu du.
Del Estal gertutik ezagutzen zuen Ormazabalek, Egiako talde ekologistako eta antinuklearreko kideak ziren biak, eta egun hartan bera ere Tuteran egon zen: “Gaurko belaunaldiak gertatutakoa jakin behar du, eta Ladis estatuaren biktima bat dela aldarrikatzea ere bada helburua, eta horrela onartu behar zaiola azpimarratzea. Gladys hil zutenetik 40 urte pasatu zirenean, pentsatu genuen garaia zela gertatutakoaren transmisioa egiteko; hurrengo belaunaldiek ezagutzea nahi genuen. Urte guzti hauetan oso barruan izan dugu, eta 40. urteurren horrekin kaleratzea nahi izan genuen. Horregatik pelikula ez da energia nuklearra bai edo ez; mugimendu antinuklearretik barrutik–sentsibilitate guztiak hor agertzen dira–kontatzen dugu. Ladisi buruzkoa da, baina baita testuinguruari buruzkoa ere. Adibidez, beste zentral nuklear batzuk non egitea aurreikusten zuten kontatzen dugu”.
Garai artako irudiak batzeaz gain, 33 pertsona elkarrizketatu zituzten dokumentalerako. Nazioartean zein Euskal Herrian nuklearren mugimenduetan aritutakoak dira asko, eta mugimendu horiei irudia ipini zieten protagonistak ere agertzen dira: “Defentsa Batzordean eta Komite Antinuklearretan egondako jende asko agertzen da. Bestalde, Munduan zehar ezagunena ez bada, ezagunenetakoa izan den logoaren egilea den Anne Lund Estokolmon elkarrizketatu genuen; eguzki bat irrifartsu ageri den irudian egin zuen berak, Zentral nuklearri ez, eskerrik asko! dioena. Guk elkarrizketatu genuenean 23 urte zituen, Ladisek hil zenean zituen berdinak. Eduardo Chillidak egin zuenari buruz ere hitz egiten da. Mugimendu antinlukearren gure deialdi guztietan agertzen ziren bi horiek. Deban egin nahi zuten zentral nuklearra, eta horren kontra egindako pegatinaren sortzaileetako batzuk ere agertzen dira”. Irudiei dagokienez, besteak beste, Tuteran egin zen manifestazioaren eta Del Estali Donostian egin zioten omenaldiaren irudiak daude.