Saregile, neskatila eta paketatzaileen lan baldintzak duintzeko mozioa aho batez onartu da
Idurre Bideguren EH Bilduko senatariaren esanetan, "aurrerapauso bat da aldarrikapen historiko honentzat".
Idurre Bideguren Gabantxo EH Bilduko senatariak aipatu duenez “Senatuan ekimen gutxi onartzen dira aho batez, eta harrigarria izan da”. Arrantza sektoreko kolektibo hauen baldintzetan diskriminazio argi bat dagoela argudiatu eta neurriak hartu beharra mahai-gaineratu dute. Hortaz, politikoki adostasun bat dagoela ikustea “oso positiboa” izan dela gaineratu du.
Mozioaren oinarria nagusiak: neskatila saregile eta paketatzaileen lanbidea funtsezkotzat hartzea, lanbidea duintzeko eta egoera diskriminatzaileak gainditzeko beharrezkoak diren neurriak ezartzea, lanbide-gaixotasunen katalogoan sartzea laneko segurtasun-erakundeek egindako txostenetan jaso diren eta beraien jarduerari egotz dakizkiekeen gaitz guztiak, erretiroaren gutxieneko adina murrizteko behar diren arau-aldaketak premiaz egitea, arrantza sektoreko langileen izaera espezifikoa kontuan hartuta, eta kotizazio-oinarriak handitzea dira.
Bidegurenek aipatu duenez, mozioak bi alderdi izan ditu. Batetik, alderdi orokorra deritzena, hau da, neskatila, saregile eta paketatzaileak egiten duten lanaren garrantzia azpimarratzea eta arrantza sektoreko emakume horien berdintasuna, diskriminazio eza eta babesa zainduko dituzten lege-aldaketak egitea, lana duintzeko. Eta bestalde, neurri konkretuen proposamena. Erdigunean jarriz, batetik aurre erretiroa, “kolektibo bakarra baita arrantza sektorean ez duena onartuta aurre erretiroa izatea”. Bestetik, lan hauei lotutako gaitzak, lanbide gaixotasunen katalogoan sartzea, eta kotizazio oinarriak igotzea.
Prozesua
EH Bilduk aurkeztutako mozioa, aldarrikapen historiko batean oinarrituta dago eta prozesu bat jarraitu du Senatura heldu baino lehen. Bidegurenek azaldu bezala, lehenengo urratsa Ministeritzara galdera bat luzatzea izan zen, baina jasotako erantzuna ez zen esperotakoa izan. Hortaz, bigarren pausoa, zuzenean Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministroari zuzentzea izan zen. Arratza sektorek gizarte segurantzan berezitasun batzuk izan behar dituela onartuta dagoen zerbait izanik, sektoreko kolektibo bakarra da, saregile, paketatzaile eta neskatilena eskubide horiek ez dituena, justuki ere, kolektibo feminizatuena. Hortaz, galdera bat zuzendu zitzaion Escrivari, “ez dago argi diskriminazio bat dagoela?”.
Bidegurenen esanetan, “historikoki kultura matxista batetik gatoz, historikoki lan hauek emakumeek burutu dituzte. Etorkizunera begira, genero ikuspegi batekin aztertu behar dira egoerak, eta horren arabera neurriak ezarri”. Aurkeztutako testuinguru eta galderaren aurrean Jose Luis Escrivak baiezkoa eman zuen, diskriminazio bat dagoela onartu eta neurriak hartzeko beharra azpimarratu zuen eta hori “pauso garrantzitsua izan da”.
Hortaz, jada mozioa onarturik, orain hurrengo urratsa Espainiako Ministro Kontseiluaren proposamenaren zain egotea da. Behin proposamen hori argitaratzean, edukiak aztertuko dituzte eta horren gainean erabakiak hartu. Baina Bidegurenenen sentsazioak onak dira “badirudi nahiko landuta dagoen zerbait dela, hortaz, ez litzateke denboran gehiegi luzatu behar”. Ministro kontseiluaren proposamen horrek, lege proposamen bat dakar eta hori tramitatu egingo da bai Espainiako Kongresuan, eta baita Senatuan ere. Hortaz, “botere legegilearen esku geratuko da erabakia”.
Etorkizuna
Bidegurenen esanetan “ez da soilik orain aktibo dauden langileen borroka, etorkizunera begira ere garrantzi handia du”. Arrantza sektoreko lanpostuak beharrezkoak dira, orain, eta gero ere izango dira. Hortaz, “belaunaldien arteko erreleboari buelta asko eman zaio, eta erreleboa posible bilakatzeko lan baldintzak eta gizarte babeserako lan baldintzak lortu beharra dago. Arrantzan emakume eta gizonen arteko lana parekatu egin behar da, eta legez diskriminazio horrekin bukatu”.