Euskal Gudariak omendu dituzte bonbardaketaren 85. urteurrenean
Gudariak beti ezkutuan egon direla esan du Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok, eta herriak eurek egindako lana eskertu beharra daukala uste du, "bizitza asko salbatu baitzituzten".
Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrena dela eta antolatutako ekitaldien baitan, Gernika-Lumoko Udalak Gerra Zibilean demokrazia eta askatasuna defendatu zuten euskal gudariak omendu ditu gaur; Pasealekuan, euskal gudarien omenez dagoen eskulturan batu dira.
Jose Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkateak gogorarazi duenez, Gernikako bonbardaketa sorpresa izan zen guztientzat: “Egun horretan jendez beteta etorri ziren zazpi tren, astelehena zen eta azoka zegoen”. Gudari asko zeuden Gernikan, tartean, Loiola, Itxarkundia, Ibaizabal edo Saseta batailoietakoak; “Agustinoetan eta Mertzeden kuartelak zituzten”.
Alkateak nabarmendu du, gudariak ez zirela soldadu profesionalak: “Askok ez zuten inoiz armarik esku artean eduki, gaur egun Ukrainan gertatzen ari den modura. Euren herria defendatu zuten gudariek eta euren herria defendatzen ari dira Ukrainako milizianoak”.
Gudarien lana bonbardaketaren egunean zein izan zen gogora ekarri du Gorroñok: “Obra-hondakinetatik jendea ateratzen ibili ziren, eta ahal zuten neurrian laguntzen zuten. Horiei esker, bizitza asko salbatu ziren”.
Gudariak beti ezkutuan egon direla esan du Gorroñok: “Guk herri moduan euren lana eskertu behar dugu, eurei esker gurean askok salbatu baitzituzten euren bizitzak”. Ekitaldian bertan, Joseba Elosegi gudariak Egurtxikiri emandako testigantzaren zati bat irakurri du Gernikako alkateak; horretan aipatzen zuen herrian sortutako kaosa eta atsedenik barik lan egin zutela.
Hala, atzoko ekimenaren bidez, “bizikidetzarekin, bakearekin, askatasunarekin eta demokrazioarekin lotutako balioen alde” borrokatu ziren pertsonak gogoratu eta omendu gura izan zituzten.
Testigantzen garrantzia. Xabier Irujo historialariak ere parte hartu zuen atzoko ekitaldian. Egunotan memoria historikoari buruz herrian egiten ari diren kongresua aipatu du, gai asko atera direla esanik. Hori bai, dioenez, ados agertu dira denak gauza batean: “Memoria historikoaren arkitekturaren gunea lekukoetan dagoela. Hau da, memoria historikoa berreskuratu gura baldin badugu, lekukoei entzun behar diegula. Gertatutakoaren egia euren bihotzetan, birikietan eta testigantzetan baitago”.
Egurtxiki aipatu du Irujok, AEBeko Idahokoa zen eta bertatik hara joandako artzainekin ikasi zuen euskara. “1970 aldera Euskal Herrira etorri zen eta 129 elkarrizketa egin zituen euskaraz. Elkarrizketa horietako asko gerora Gernikako Udalak eta Bakearen museoak argitaratu zuten liburu batean, hiru hizkuntzatan. Hor ditugu hainbat gudariren memoriak, besteak beste, Joseba Elosegirenak”. Jose Iturriaren testigantza ere ekarri du gogora; “egun horretan Andra Mari errefugioan lagundu zuen lurperatuta geratu zirenen gorputzak erreskatatzen. Hura da aipatu errefugioan gertatu zenaren testigantza bakarrenetakoa, Jose Labauria alkate ohiak emandakoagaz batera”.
Testigantza horiek memoria historikoaren “bizkarrezurra” direla zehaztu du Irujok; “altxorrik handienak dira, eta asko eta asko gudariak izan ziren; hemen egon ziren bonbardaketa egunean eta geroago ere”.