Bermeo Zabaltzen aplikazioak «aldebiko komunikazioa» ahalbidetuko du
Android eta Apple sistemekin bateragarria da, eta doan jaitsi daiteke. Bermeo Zabaltzen aplikazioa tresna "oso erabilgarria" izango dela diote.
Erabilgarri dago Bermeoko Udalaren eta herritarren arteko komunikazioa “erraztea eta arintzea” helburu duen Bermeo Zabaltzen aplikazioa. Bermeoko alkate Aritz Abaroak esan duenez, aplikazio berriak aldebiko komunikazioa ahalbidetuko du; izan ere, aplikazioaren bitartez, herritarrek edukiak jasotzeko eta sortzeko aukera edukiko dute, “herritarra erdigunean jarrita”.
Bermeo Zabaltzen aplikazioaren bidez, herritarrek “berehalako” informazioa jasotzeko eta emateko aukera izango dute. Doan jaitsi daiteke telefono mugikorretara, eta Android eta Apple sistemekin bateragarria dela jakitera eman dute atzo egin zuten aurkezpenean.
Alkateak esan du udal gobernuaren helburu estrategikoetako bat dela administrazio garden, hurbil, eskuragarri eta praktiko bat lortzeko pauso sendoak ematea: “Zalantzarik barik, urrats garrantzitsu bat emango dugu zentzu horretan. Bermeo Zabaltzen oso tresna erabilgarria izango da. Izan ere, herritarrak erraztasun gehiago izango ditu udalarekin harremanetan jartzeko. Udalaren aldetik guraduen informazioa eskuratzeko aukera izango du eta, gainera, protagonista bihurtuko da. App honi esker informazio asko partekatu ahal izango du bere administrazioarekin eta herria hobetzeko bidean parte aktiboa izango da”.
Atal ugari izango ditu aplikazioak, kalezaindu izango da horietako bat. Atal horretan, herritarrek abisuak emateko aukera izango dute. Adibidez, herrian egon daitezkeen altzarien, lauzen… apurketak edo egoera arriskutsu edo konpondu beharrekoan dauden guneak identifikatzea. Helburua da konpondu beharreko edozein eremuren berri emateko aukera izatea eta herritarra Bermeo hobetzeko bidean protagonista izatea. Erabiltzaileak mapa batean identifikatuko du gunea, argazkia atera eta zuzenean pasako dio abisua administrazioari. Administrazioak, ondoren, egoeraren berri emango dio erabiltzaileari. Mapan, kolore laranjaz agertuko dira zuzentze prozesuan daudenak, eta berdez, berriz, konponduta daudenak.
Abisuak atalaren bitartez, berriz, herritarrak berak aukeratutako eremu edo gaietan (kultura, zinema, kirola, larrialdiak…), udalak eskaintzen duen informazioa jasotzeko aukera izango du, “nobedade guztiez jakitun egoteko”. Hala, kaleen itxieren, ur edo elektrizitate etenen… berri izango du eta baita kultura, zinema, kirolaren… gaineko informazio eguneratua ere.
Agenda ere bertan egongo da oso-osorik, eta udalak sortzen dituen albiste guztiak ere bertan egongo dira eskuragarri. Gardentasunagaz lotuta, bestalde, kontuak eman izeneko atala ere badauka; udal plangintza desberdinak, agintaldi plana, udal aurrekontua eta, azken finean, udalaren kudeaketaren berri “modu erraz eta ulergarrian” ematea da atal honen helburua.
Egoitza Elektronikorako sarrera ere badauka, edozein izapide egin ahal izateko. Udaleko Kirol Sailaren bulego birtualera sartzeko aukera ematen du.
Webgunea ere bai. Aplikazio berriaren bitartez, Bermibusa uneoro non dagoen jakiteko aukera edukiko dute zerbitzuaren erabiltzaileek. Hau da, herritarrak zehazki jakin ahalko du bere geltokitik autobusa noiz pasatuko den. “Bermibusari zerbitzu garrantzitsu bat gehitu diogu. Izan ere, erabiltzaileak uneoro jakingo du zenbat minutu itxaron beharko dituen autobusa hartzeko. Informazio hori oso erabilgarria egingo zaio herritarrari”, esan du Abaroak.
Aplikazioaz gain, webgunea ere sortu dute: zabaltzen.bermeo.eus. Hala ere, webgunea «murriztuago» dagoela aipatu dute. Bermeoko Udalaren webgunetik (www.bermeo.eus) ere sar daiteke.