Saregile, neskatila eta paketatzaileen lan baldintzak duintzeko mozioa eztabaidatuko du Senatuak
EH Bilduk aurkeztutako egitasmoa eztabaidatuko dute gaur, Espainiako Senatuan. Euskal Herriko saregile, neskatila eta paketatzaileen lan badintzak duintzeko eta jubilazioan jasaten duten diskriminazioarekin amaitzeko eskaera eroango du koalizio abertzaleak.
Euskal Herriko saregile, neskatila eta paketatzaileen lan badintzak duintzeko eta jubilazioan jasaten duten diskriminazioarekin amaitzeko eskaera eroango du EH Bilduk Espainiako Senatura, gaur (apirilak 27).
Jose Luis Escriva ministroak duela gutxi aipatutako lege aldaketen aurrean, honakoa eskatu du EH Bilduren egitasmoak: lanbidea duintzeko eta egoera diskriminatzaileak gainditzeko beharrezkoak diren neurri guztiak ezartzea; lanbide-gaixotasunen katalogoan sartzea laneko segurtasun eta osasun-erakundeek egindako txostenetan jaso diren eta jarduerari egotz dakizkiokeen gaitz guztiak; erretiroaren gutxieneko adina murrizteko behar diren arau-aldaketak premiaz egitea, koefiziente murriztaileak aplikatuz eta arrantza-sektoreko langileen izaera espezifikoa kontuan hartuta, neskatila eta paketatzaileen kotizazio-oinarriak handitzea, itsasoko araubide bereziko antzeko lanbideekin parekatzeko.
Neurriok ezinbestekotzat jo ditu EH Bilduk arrantza-jarduerak behar bezala funtziona dezan. Arrantzaren sektorean, beste lan-eremu batzuetan gertatzen den bezala, gaur egun ere oraindik, emakume langileak gizonak baino baldintza “okerragoetan” daudela aipatu du, bai lan esparruan, baita babes sozial, aitortza eta balorazioaren ikuspegitik ere. Neskatilak, saregileak eta paketatzaileak portuetako eguneroko lanean “funtsezkoak” diren zeregin askotaz arduratzen diren emakume langileak direla aldarrikatuz. Hala salatu Idurre Bideguren senatariak: “Ezinbesteko jarduera da arrantza-sektoreak behar bezala funtziona dezan. Hala ere, haien lana luzaroan ikusezin bihurtu da eta ez zaio aitortza, ordainsari ezta duintasun nahikorik eman”.
Gainera, lan horiek ahalegin fisiko handia eskatzen dutela gogorarazi du Bidegurenek; oso urtarokoa da, aurrez zehaztutako ordutegirik gabea, prestasun osoa eskatzen duena eta gehienetan hotz eta hezetasun handiko baldintzei eutsiz egiten dena. “Urte askotan, lan hori ez zen produkzio-jardueratzat ere hartzen, eta erregularizazio falta erabatekoa izan da. Zorionez, sektore horren aitortzan eta profesionalizazioan aurrerapausoak eman dira, baina, hala ere, badira gizarte-segurantzarekin lotutako aldarrikapen historikoak, urte askotan izoztuta geratu direnak”, ohartarazi du EH Bilduren senatariak.
EH Bilduren arabera, bada garaia aldarrikapen horiei erantzuteko eta lan-eremu feminizatu honetan dagoen diskriminazio argia ezabatzeko. Bada garaia arrantza-sektoreko emakume horien berdintasuna, diskriminaziorik eza eta babesa zainduko dituzten lege-aldaketak egiteko eta, horrela, emakume horien lana duintzeko.