Eguraldiari aurre eginda, pozik egin dute ibilaldia Sollube 707ko mendizaleek
Aizkorri, Urbia eta Arantzazutik ibili ziren domekan. Taldea "pozik" bueltatu zela diote, eta hurrengorako "gogotsu".
Sollube 707 Bermeoko mendizale taldekoek irteera egin zuten joan den domekan. Bermeotik Zalduondora abiatu ziren goizean goi. Zumarrandira iritsi eta handik hasi zuten ibilaldia. Tantaka ari zela esan dute, hortaz, eguraldi horretarako arropa aproposak jarri eta oinez hasi ziren. “Aizkorriko igoeraren lehen zati osoa ur eta lokatz amaigabea izan zen”, azldu dute mendizale taldetik.
Hala eta guztiz ere, parajea “oso polita” zela nabarmendu dute: “Pagoz betetako bide osoa eta leize sakonak ur-errekak hauspeatzen zirenak”.
Aizkorri, baina, hodeiz estalita zegoen, eta, hortaz, ezin zuten ezer ikusi; “elurtuta ere bazegoen, irrist egiten zuen eta oinak non jarri begiratu behar izaten genuen”.
Urbiako salmentan indarrak berreskuratzeko tartea hartu zuten. Ondoren, diotenez, Arantzazuko jaitsiera paseo bat izan zen.
Ingurua ederra zela aipatu dute, eta “pozik” ibili ziren: “Jendea oso pozik bueltatu zen eta antzeko abentura baterako gogotsu”.