Bi urteko etenaldiaren ostean, bueltan da 'Kalean olgetan' ekimena
Haurren eta gurasoen artean eta familia giroan, euskararen erabilera "modu berezian areagotzeko" baliabideak eskaintzen ditu 'Kalean olgetan' programak. Gaurtik (apirilak 27) ekainaren 17ra egingo dute lehenengo fasea.
Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Sailaren eskutik, gaurtik martxan da Kalean olgetan egitasmoa. Euskararen erabilera bultzatuz, jolas-dinamika honen asmoa da haurrak eta gaztetxoak heziketa ez formaleko eta aisialdiko hainbat gaietan trebatzea. 5-12 urte bitarteko haurrei eta euren gurasoei zuzendutako eskaintza da.
Gaurtik (apirilak 27) ekainaren 17ra egingo dute lehenengo fasea, eta irailaren 21etik azaroaren 11ra, bigarrena. Eguaztenetan, eguenetan eta barikuetan, 17:00etatik 19:00etara eskaintzen dute. Udalerriko hiru gune desberdinetan txandaka garatuko dute, hau da, astean behin San Juan Ibarra Plazara (euria bada Merkatu Plazara), Pasealekura eta San Kristobal Plazara zabalduko da.
Gurasoen “partaidetza zuzena lantzeko”, jolasei buruzko fitxak banatuko dizkiete; “beraien zabalkundea lekuan bertan egingo da”.
2018an esperientzia pilotua egin ostean, 2019an hiru hilabeteko kanpaina egin zuten. Antolatzaileen berbetan, “arrakastatsua” izan zen hura, eta pandemiaren etenaldi behartuaren ostean, aurten jarraipena ematea erabaki dute: “2019an ekimenak izandako harrera ona eta jasotako emaitza ezin hobeak ikusita, 2022rako ekimena berreskuratu eta lan ildo arrakastatsu horri sendo eustea erabaki du Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Sailak”.
Gizartean eragin gura duen ekintza programa da honakoa. Horretarako, haurren eta gurasoen artean eta familia giroan euskararen erabilera “modu berezian areagotzeko” baliabideak eskaintzen ditu. Gurasoak, umeak eta gaztetxoak plaza eta parkeetan elkarrekin jolasten jartzea bultzatzea eta euskararen normalizazioari begira, maila informalean, kalean, euskararen erabilera areagotzea dira helburu nagusiak.
“Gero eta gutxiago erabiltzen diren eta arrazoi askorengatik onuragarriak diren” jolas tradizionalak, giro euskaldunaren bidez berreskuratzea, erakusketa eta herritarrek erabiltzea ere badute helburu antolatzaileek: “Programa garatuko den kaleetan eta parkeetan euskararen erabilera handitzea, eta gizarte harremanak areagotuz, familiei euskaraz jolasteko zein gizarteratzeko baliabideak eskaintzea ere badira zeharkako helburuak”.