Bermeoko 28. Arrain Azokak gastronomia izango du ardatz nagusi
Betiko formatuan bueltatuko da Arrain Azoka maiatzaren 20tik 22ra bitartean; hiru egunetan, adin eta gustu guztietarako jarduera ugari egongo dira aukeran.
Bueltan da betiko Arrain Azoka, eta jardueraz beteko du herria maiatzaren 20tik 22ra bitartean. 28. Aurtengo Arrain Azokak balioan jarri gura du bertoko gastronomia, eta hortaz, gastronomia izango du ardatz nagusi. Gaur goizean egin dute aurkezpena Arrantzaleen Museoan.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak azaldu duenez, arrantzaleak itsasoratzeko arrazoi nagusia da plateretara “kalitate hobereneko” produktuak ekartzea. Kontserberek helburu bera daukatela nabarmendu du; “lehen mailako arrain kontserbak gure etxeetako mahaietara eroatea”. Horregatik guztiagatik, aurten gastronomiari “aparteko” garrantzia emango dio Arrain Azokak. “Produktu bikainak ditugu, eta horiek baliatzen eta maridatzen badakigu”, esan du.
Lamerako karpa nagusian, hortaz, gastronomia gunea egongo da. Horretan, produktuak ezagutzeko eta dastatzeko aukera egongo da. Dastaketak, topaketak, ikuskizunak, Mitxelin izardun sukaldariekin solasaldiak eta beste hainbeste gauza egongo dira aukeran hiru egunetan. Edukiera mugatua denez, jarduera batzuentzako derrigorrezkoa izango da sarrerak aurretiaz erostea. Programa “berritzailea” egongo dela zehaztu dute.
Ilusio handiz aurkeztu du Bermeoko alkateak Arrain Azoka. Bi urte “luzeren” ostean, Bermeoko erakusleiho nagusienak presentzialtasuna berreskuratuko du, eta alkate moduan lehenengo azoka presentziala izango da Abaroarentzat: “Gure helburua da herritarrek jai giroan pasatzea Arrain Azokaren asteburua. Ekintza asko prestatu ditugu eta espero dugu dena primeran joatea. Herritarrak eta bisitariak Bermeoko izaera, tradizioa, nortasuna eta produktuak balioan jartzen dituen jai honetara gonbidatzen ditugu”.
Arrain Azokarako prestatu duten programa, hala ere, herriko eragileen inplikazioa barik ez litzatekeela posible izango aitortu du, eta hortaz, horien guztien lana eta ahalegina eskertu gura izan du; “zalantzarik barik kolorea jarriko diote aurtengo Arrain Azokari”.
Gune solidarioa. 20 erakusmahai inguru egongo dira Lameran eta honakoa izango da ordutegia: bariku eta zapatua, 11:00-15:00 eta 17:00-21:00 eta domeka 11:00-15:00.
Gune solidarioa ere ez da faltako Arrantzaleen kofradi zaharrean; bertan, marmitakoa eta atun errea prestatuko dituzte. Handik ateratako dirua osasun sistemak ordaintzen ez dituen 6 eta 12 urte bitarteko umeen tratamenduak laguntzera bideratuko dute. Bego Gangoiti turismo teknikariak esan duenez, gune solidarioa herriku kultur, kirol eta gizarte taldeei esker egiten da. Hala ere, boluntario modura lan egin gura duten herritarrei ere dei egiten die; turismo bulegoan eman dezakete izena.
Umeen guneak aurten leku berria izango duela azaldu du, Bekoportalera lekualdatuko dute. Gainera, esan duenez, pilota partidak berreskuratu dituzte. Eta, jakinarazi du, batelen estropadak zapatuan barik domekan izango direla. Gainera, programan, aurten lehenengoz, Erroxapeko martxak parte hartuko du, domekan.
Hitzaldiak, dastaketak, bertoko kirolak, bisita gidatuak… Adin eta gustu guztietarako jarduerak antolatu dituzte. Egitarau eguneratua www.bizibermeo.eus/arrainazoka webgunean egongo da ikusgai. Azoka maiatzaren 20an hasten bada ere, maiatzaren 18an eta 19an Rafael Uriarte Ayoren liburuaren aurkezpena eta Aranzadi elkartearen hitzaldia egongo dira aukeran Arrantzaleen Museoan.
Azokaren egunetan Euskotrenen zerbitzu bereziak egongo direla azaldu dute, aurrerago zehaztuko dute, baina, ordutegi zehatza.
Erronka Garbiagaz bat. Kontserberetako ordezkari Bittor Agirrek esan du albiste “pozgarria” dela Arrain Azoka betiko formatura bueltatzea. Izan ere, sektore honetan Arrain Azoka erreferentea dela gogorarazi du.
Hala eta guztiz ere, azken bi urteetan egin duten lana goraipatu gura izan du, Arrain Azoka modu birtualean egitea lortu baitute. Egindako lanak, gainera, jarraipena izango du, eta Bermeora etorri ezin dutenek produktuak Internetez erosteko aukera izango dutela aipatu du.
Agirrek gogorarazi du, 2019ko Arrain Azoka Ihoberen Erronka Garbia ekitaldi jasangarrien ekimenera batu zela, eta aurten ere egingo duela; horren bitartez, ekitaldiak gauzatzean ingurumenean sor daitezkeen inpaktu negatiboak minimizatu gura dira. Kontserberek iraunkortasunaren alde lan egiten dutela azpimarratu gura izan du.
Hegaluze Saria. Ohi legez, herritarrek Hegaluze Sarirarako proposamenak aurkezteko aukera daukate, eta hautagaiak proposatzeko azken eguna maiatzaren 8a (domeka) izango da. Herritarrek Bermeoko Turismo Bulegoan edo turismo@bermeo.eus helbide elektronikoan aurkeztu ditzakete proposamenak..
Hegaluze Sariak ekintza puntual edo jarraipen profesional bat saritzen du, Bermeoren izena zabaldu eta goratu duenari edo herriaren alde lan egin duenari.