Ukrainako hainbat hiri Gernika direla nabarmendu dute Labauriaren omenaldian
Gernika-Lumoko Udalak eta Gernikazarra historia taldeak antolatutako omenaldia izan da alkate ohiaren monolitoaren parean egin dutena. Ukraina izan dute gogoan.
Urtero egin moduan, Gernika-Lumoko Udalak eta Gernikazarra historia taldeak Gernikako bonbardaketan alkate izan zen Jose Labauria omendu dute, haren monolitoaren parean. Izan ere, gaurko egunez duela 85 urte Alemaniako Condor Legioak eta Italiako Aviazione Legionariak Gernika bonbardatu zuten. Gaurkoan, Ukraina izan dute gogoan; hango hainbat hiri Gernika direla nabarmenduta. “Gaur egun Gernika asko daude, bai Ukrainan eta bai munduko beste leku batzuetan ere. Toki eta garai desberdinak, baina ondorio berdinak: heriotza, samina eta izua, errugabeko biktimen kontra”, esan du Alberto Zarrabeitiak.
Aipatu dutenez, Labauriak ez zuen bonbardaketatik alde egin, Gernikan geratu zen: “Ziurrenik beldurra izango zuen, baina herritarren ebakuazioan lagundu zuen eta lau haizetara zabaldu zuen gertatukoaren salaketa historikoa”. Hala, Ukrainako alkateak gogoan izan dituzte: “Antzerako egoeran daude, euren bizitzak galtzeko arriskuagaz eta gertatzen ari dena salatzen, beraien testigantzekin”.
Maria Uribe Gernika-Lumoko alkateordeak ere hitza hartu du. Labauriak herri suntsituaren ardura hartu zuela gogorarazi du, eta nabarmendu du, egia aldarrikatu zuela “faxistek inposatu gura zuten gezurraren aurrean”. Urtero legez, Uribek goraipatu gura izan du kronika askotan aipatzen dela alkate ona izan zela; guztiei lagundu ziela, ezberdintasunik egin barik.
Uribek Ukrainako gerraz gain, beste batzuk ere aipatu ditu: “Ukrainakoa da gertuen dagoen gerra, baina ezin ditzakegu ahaztu beste hainbeste herrialde ere; Siria, Mozambike edota Palestina. Herrialde horietakoekin solidarioak izan beharra daukagu, gugaz ere horrela izan zirelako 1937an”.
Monolitoaren parean lore eskaintza egin dute; Gernikako alkate Jose Mari Gorroño eta EAJren ordezkariek eta Labauriaren ilobek utzi dituzte loreak monolitoan. Ondoren, ohorezko aurreskua dantzatu dute.
Gernikazarrako Jabi Urrutiak eta Alberto Iturriartek Labauriaren testigantzaren parte bat irakurri dute, urtero egin modura: “Jaungoikoaren eta denok epaituko gaituen historiaren aurrean hau baieztatzen dut: Alemaniako hegazkinak izan zirela hiru ordu eta erdiz amorruz babesik gabeko populazioa bonbardatu zutenak, erraustu egin zuten, hildako asko egon ziren. Ez ziren izan gudariak Gernika erre zutenak, zin dagit Alemiako hegazkinak izan zirela Gernika bonbardatu zutenak, eta historia izango da epaile. Gernika erraustua izan da bai, baina ez da hilko. Gernika aberriaren askatasunen sinboloa eta baita munduan diren faxismo guztien krudelkeriaren sinboloa ez da hilko, Euskadi inoiz hilko ez delako”.
George Steer kazetaria omentzeko ekitaldia gaurko egunez egin ohi izan dute, aurten, baina, bihar izango da, 13:15ean, haren monolitoaren parean.