Hondamendi ekologikotik ateratako ondorioak eta irakaspenak
2002ko azaroan hondoratu zen Prestige petrolio-ontzia. Hainbat herritarrek gertatukoa bertatik bertara nola bizi izan zuten kontatuko dute gaur gaueko Ur Handitan saioaren 'Prestige, 20 urte' atalean, tartean, Juan Ramon Santamaria arrantzale ohi bermeotarrak.
Bi hamarkada atzera begiratuta, kostaldea galipotez bete zuen hondamendi ekologiko hartatik ateratako ondorioak eta irakaspenak landuko dituzte Ur Handitan saioaren gaurko (apirilak 26) Prestige, 20 urte atalean.
2002ko azaroaren 19an, Prestige petrolio-ontzia Galiziako kostaldetik oso gertu hondoratu zen. 77.000 tona petrolio zeramatzan, eta horren parte handi batek itsasoan noraezean bukatu zuen. Hasierako egunetan, Galiziako hondartzetara ailegatu bazen ere, egunek aurrera egin ahala, eta itsasoko korronteek lagunduta, euskal kostalderaino ailegatu ziren orban beltz erraldoiak. Hondamendi ekologiko larri hark hondartzak eta itsasoa garbitzera joandako boluntarioz osatutako uholdea ere ekarri zuen.
Hainbat euskal herritarrek gertatukoa bertatik bertara nola bizi izan zuten kontatuko dute gaur gaueko saioan, tartean, Juan Ramon Santamaria Layuno arrantzale ohi bermeotarrak. Aitortu du, hasieran, “erdi bromatan hartu zuela ontziaren hondoratzearen berria”. Egoera horren larria izango ez zela pentsatu zuen, baina, egunek aurrera egin ahala, eta berriak are eta larriagoak zirela ikusita, konturatu zen gertaera horrek zuzenean eragingo ziela arrantzaleei. Hain zuzen ere, marea beltza euskal kostaldera helduko zela ikusita, Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleek egoera aztertu eta, elkarlanean, euskal flota dana itsasora ateratzea erabaki zuten, eskuz galipota batzeko. Lan gogorra, zikina eta neketsua izan zen arren, egindako lanari esker, bertoko hondartzetara galipot kantitate txikiagoa iristea lortu zuten, eta hondamendi ekologikoa are larriagoa izatea ekidin.
AZTI zentro teknologiko eta zientifikoa galipot orbanen jarraipena egiteaz arduratu zen, nondik nora mugitzen ari zen jakiteko. Oihane Cabeza Basurko AZTIko ikerlariaren arabera, lan hori “oso garrantzitsua” izan zen, horri esker orbanak non zeuden eta egunero nora joan behar zuten jakiten baitzuten arrantzaleek.
Askoren iruditegian daude, oraindik ere, Galiziako kostaldean buzo zuriz jantzita aritu ziren ehundaka boluntarioak, eta horietako bat izan zen Irati Martinez Malax-Etxebarria. Galiziako irudiak iristen hasi zirenean, tristura, inpotentzia, mina, ezinegona eta gure kostaldea babesteko beharra sentitu zituen. Biologia ikaslea zen orduan, eta fakultateko ikasle kontseiluak antolatuta, Galiziara joatea erabaki zuen birritan. Bertan bizi izan zutenaz hitz egingo du gaurko saioan.
Bestalde, Fernando Cayuela Camarero nautikan eta itsas garraioan doktorea da. Prestige itsasontzia Galiziako kostaldetik ahalik eta gehien urruntzeko Gobernuaren erabakia “okerra” izan zela kontatu du. Horrez gain, itsasontzia “egoera onean ez zegoela” deritzo. Hala ere, epaiketan hori ezin izan zutela baieztatu dio; izan ere, ur-azaletik milaka metrora hondoratuta geratu zen Prestige, eta ezin izan zuten behar bezalako ikerketa egin.