Espainiako Gobernuak lehenengoz "gaitzetsi" du Gernikako bonbardaketa
Gaur arte Espainiako Gobernuak frankismoak bonbardaketaz egindako bertsioa mantendu du. Felix Bolaños Espainiako Presidentetza ministroak izenpetutako adierazpenean barkamenik ez da aipatzen, eta "egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak" berretsi ditu, baita «bakearen iraupenari lagunduko dion memoria komun bat» eraikitzeko asmoa ere. Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Twitterren idatzitako txio batean esan du Gernikako bonbardaketa "Gerra Zibileko gertakari krudelenetako bat" izan zela eta memoria "ezinbestekoa dela gizarte demokratiko eta baketsu bat eraikitzeko".
«Adierazpen instituzional honen bidez, zeinek Gernikako bonbardaketaren 85. urteurrenarekin bat egiten duen, Espainiako Gobernuak uste du herri horrek 1937ko apirilaren 26an jasan zuen bonbardaketak aringarririk gabeko gaitzespena merezi duela». Hala adierazi du Espainiako Gobernuak, Felix Bolaños Presidentetza ministroak izenpetutako adierazpen batean, Gernikan bonbardaketaren urteurrena oroituko duten egun berean. Ez du barkamenik eskatu, hala ere, eta hori eskatu diote hainbat agintarik azken egun eta orduetan Madrili.
Gobernuak adierazi du “berritu” egin duela “Espainiako gizarteak biktimekiko eta haien senideekiko duen aitortza”. Horrez gain, “biktima guztien memoriari konpromisoa” agertu dio, baita bizirik atera zirenenari ere. Azkenik, “egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak” berretsi ditu, baita «bakearen iraupenari lagunduko dion memoria komun bat» eraikitzeko asmoa ere.
Ministroak azaldu duenez, Gernikakoa zibilen kontrako “lehendabiziko eraso indiskriminatuetako bat” izan zen: “Gerra bat bezalako basakeriaren kontrako sinbolo unibertsala bilakatu da Gernika, batez ere defentsarik gabeko pertsonak bonbardatzea lazgarrikeria delako”.
Adierazpen instituzionalean, “Francisco Francok agindutako” eta Alemaniako tropa nazien eta Italiako faxisten hegazkinek egindako beste bonbardaketak ere aipatzen ditu Gobernuak, tartean, Otxandiokoa (Bizkaia). “Gatazkaren amaierara arte, beste herri batzuek bi aldeen aire erasoak jasan zituzten, baina Gernikako sarraskia izan zen nazioarteko oihartzunik handiena lortu zuena”, esan du Bolañosek.
Espainiako gerra bukatuta Bigarren Mundu Gerran erabiliko ziren eraso moten “entsegu orokorra” izan zen Gernika, eta horregatik, “Gernikako hiribildua euskal, espainiar eta europar memoriaren funtsezko zatia da”.
Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak txio bat eskegi du Twitterren. Hegazkin nazi eta faxistek Gernika bonbardatu zutenekoa “Gerra Zibileko gertakari krudelenetako bat» izan zela dio bertan, eta, 85 urte geroago, «gogoan” dituztela eguna bera eta orduan hildakoak. “Memoria ezinbestekoa da gizarte demokratiko eta baketsu bat eraikitzeko”.
Lehenengoz Espainiako Gobernuak ordezkari bat bonbardaketak oroitzeko ekitaldi bat bidali duten egun berean zabaldu dute adierazpena. Fernando Martinez Lopez Espainiako Gobernuko Memoria Demokratikorako Estatu idazkaria Gernikan (Bizkaia) da gaur, alemaniarren eta italiarren hegazkinek herria bonbardatu zutela 85 urte direla oroitzeko ekitaldietan, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxasorekin batera.
Gaur arte, frankismoaren bertsioa bere horretan mantendu du Espainiako Gobernuak. “Francoren Espainiak ez du su ematen”, adierazi zuen erregimenak bere garaian, eta Gernikako herritarrak eta “gorriak” egin zituen erantzule. Geroztik, agintean izan diren gobernuetariko bakarrak ere ez du aldatu bertsio hori, ezta Espainiaren izenean barkamena eskatu ere.
2017an, EAJk zentsura mozio bat aurkeztu zuen Espainiako Senatuan, Espainiako Gobernuari eskatzeko aitortu zezala Espainiak bonbardaketan izandako “erantzukizuna”. PP zen orduan gobernuan, eta atzera bota zuten eskaria. Gaur mozio bera erregistratuko dute Espainiako Senatuan, Estefan Beltran de Heredia EAJko senatariak Radio Euskadin iragarri duenez, Espainiako Gobernuaren adierazpena publiko egin aurretik. Zehazki, Pedro Sanchez Espainiako presidenteari galdetuko dio “Gernikako herriari kalte ordainik onartuko dion”, aurreratu duenez, eta, halaber, Emilio Aperribai bonbardaketatik bizirik ateratako gernikarraren gutun bat irakurriko du. Beltran de Herediaren arabera, frankismoak “gezur bat mantentzeko eta sufrimendua hainbeste urtez isilarazteko”.
El bombardeo de #Gernika por parte de la aviación nazi y fascista fue uno de los episodios más cruentos de la Guerra Civil. 85 años después, recordamos este día y a todas sus víctimas. Porque la memoria es imprescindible para seguir construyendo una sociedad democrática y en paz. pic.twitter.com/lwtiDQA7dJ
— Pedro Sánchez (@sanchezcastejon) April 26, 2022