Azken jardunaldiko garaipena ez da nahikoa izan mailari eusteko
Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak agur esan dio Ohorezko Mailari. Ligaren azken jardunaldian lortu du denboraldiko etxeko lehenengo garaipena, liderraren kontra, baina zaleei ezin izan diete mailari eustearen poza oparitu.
Argazkia: Angel Grande. Mailaz jaistearen mamua gainean eduki dute denboraldian zehar, eta amesgaiztoa ekiditeko ahaleginak ez dira nahikoa izan. Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldeak Ohorezko B Mailan jokatuko du 2022-2023. denboraldian. Atzoko garaipena ez da nahikoa izan, eta Ohorezko Mailako azken sailkatua izanda, ezin izan dio mailari eutsi. Izan ere, partidua irabazita, La Vilaren emaitzaren zain egon ziren atzo; 17 eta 24 nagusitu zitzaion Les Abellesi, eta beraz, Gernikak eta La Vilak hamezortzi puntugaz berdinduta amaitu dute liga, baina, Alacanteko taldeak denboraldi honetan garaipen bat gehiago lortu duenez, talde gernikarra zuzenean mailaz jaitsi da.
Gernika RTk 29 eta 23 irabazi zion SilverStorm El Salvadorri. Urbieta marea berdeaz betetzeko deia egin zuten klubetik, eta zaleek beste behin berotasuna eta bultzada eman zieten basurdeei. Klubaren ordezkarien esan moduan, “txapela kentzeko moduko” partidua egin zuten basurdek. “Ezin izan dugu maila mantendu, baina datorren denboraldira begira bizirik jarraitzen dugula argi utzi duzue”, esan diete jokalariei.
Azkenengo jardunaldia irabaztea zen erronka, eta Iker Olaeta kapitainak esan modura, lortu zuten. “Gaur eduki dugun helburua, partidua irazbaztea, lortu dugu. Jakin dugu dena ez dela gure esku egon, eta egon den dena egin dugu; garaipena lortu dugu liderraren kontra etxean”.
Onartzeko eta hausnartzeko egunak beharko dituztela gogoratu zuen jokalari gernikarrak: “Baina altxatuko gara, eta egoera honi ere aurre egingo diogu”.

Iker Olaeta. Argazkia: Angel Grande.
Basurdeek denboraldi honetan jokatutako partida borobilenetakoa izan zen atzokoa. “Bigarren zatian lehenengoan baino zailtasun gehiago eduki genituen. Jokalarietaz harro nago, eta baita aurten gozatu duguna posible egin duten guztietaz ere. Ezinezkoa izan da mailari eustea; gogorra da, baina aurrera jarraitu behar dugu”, azpimarratu du Eduardo Maidagan entrenatzaile gernikarrak.
Nagusitasuna. Zigor ostiko baten bitartez El Salvador aurreratu zen markagailuan, baina entsegu bategaz, egoera iraultzeko gai izan ziren etxekoak. Carlos Zavala egin zuen partiduko lehenengo entsegua (5 eta 3). Lehen ordu erdia betetzearekin batera, Eneko Gorostizak Gernikaren bigarren entsegua egin bazuen ere (10-3), azkar erantzun zuen Valladolideko taldeak, zigor ostiko bat on eginez. Atsedenaldirako lauzpabost minutu falta zirela, alboko sake batean izan zuen jatorria Grupo Intxausti Gernika Rugby Taldearen hirugarren entseguak; uztartze laxoa entsegu lerrora hurbilduz, Albertus De Bodek egin zuen, eta Olaetak transformatu zuen. Lehenengo zatia amaitzear zela, entsegua eginda, liderra lau puntura jarri zen (17 eta 13).
Bigarren zatia euren jokoa gauzatzeko zailtasun gehiago eduki zituzten etxekoek. Puntu bakarreko aldeagaz egon ziren zenbait minututan. Garaipena bermatzeko helburua zeukaten bi taldeek, eta urduritasuna eta emozioa nagusi ziren zaleen artean. Partiduaren azkenengo hogei minutuetan zeudenean, Gernika RTk bere laugarren entsegua eskuratu zuen. Bizpahiru minutu beranduago, El Salvadorreko Federico Ignacio Ehgartner jokalariari txartel horia atera zion epaileak, joko zikina egotzita. Ia berehala, Andres Orlando Alvaradok txartel gorria jaso zuen, aurkariari eraso egiteagatik. Ondorioz, zenbait minututan zelaian bi jokalari gehiago edukitzearen abantaila eduki zuen etxeko taldeak. Partiduko azken hiruzpalau minutuetan murgilduta, Marlyn Earl Williamsek beste entsegu bat egin zuen Gernikarentzat, eta azken minutuan Gaizka Iturriaga-Echevarriari txartel horia atera zion epaileak, joko zikina egotzita. Hala, bi taldeak hamalauna jokalarigaz zeudela, Walker-Fittonen eskutik heldu zen neurketaren azkenengo entsegua–Samuel Lee Katzek transformatu zuen–.
*Argazkiak: Txebi Arriaga / Angel Grande