Suteak prebenitzeari buruzko jardunaldia egingo dute Bermeon
Maiatzaren 11an hainbat hitzaldi emango dituzte, "suteen aurkako segurtasunaren hainbat arlotan sakonduz". Era berean, udalak ke-detektagailuak banatuko ditu, "zaurgarritasun egoeran dauden herritarren artean".
Udalaren Bermeo segurua helburu estrategikoaren barruan, suteak prebenitzeari eta suteengandik babesteari buruzko jardunaldia egingo dute maiatzaren 11n (eguaztena). Udalak eta Tecnifuegok (Babes Sozietateen Espainiako Elkartea) elkarlanean antolatuta, bederatzi hitzaldi eskainiko dituzte Bermeoko Kafe Antzokian. Suteen aurkako segurtasunaren hainbat arlotan sakontzeko asmoz egingo dute jardunaldia.
Udalerri “seguruago bat lortzeko”, suteetatik babesteko kontzientziazioaren alde lan egitea da Bermeoko Udalaren helburu estrategikoetako bat, eta hori lantzeko hainbat ekimen egiten dituzte urtean zehar. “Suteen aurkako prebentzioa lantzea funtsezkoa da guretzat. Tamalez, herri honek asko sufritu du arlo horretan. Esperientzia oso txarra daukagu suteekin eta horiek saihesteko lanean ari gara. Jardunaldi honek, hain zuzen ere, hori bilatzen du, profesionalak egon daitezkeen arriskuei buruz kontzientziatze”, azaldu du Aritz Abaroa Bermeoko alkateak.
Jardunaldia amaitutakoan, udalak hainbat ke-detektagailu jasoko ditu, eta alkateak jakinarazi du “zaurgarritasun egoeran dauden herritarren artean banatuko” dituztela, maiatzaren 11n azalduko dituzten irizpideak kontuan izanda.
Suteen aurkako babesaren espezializazioaren alde lanean lelopean egingo dute jardunaldia, eta suteen kontrako “babesaren benetako aukerei” buruzko prebentzioa eta kontzientziazioa zabaltzea izango du helburu. Besteak beste, enpresak, teknikariak eta elkarteak parte hartzera gonbidatu ditu udalak: “Horretarako, Tecnifuego enpresarekin jarri beharko dute harremanetan”.
HITZALDIAK:
- Udaletako larrialdi-planak. Hizlaria: Jose San Anton Eusko Jaurlaritzako Larrialdi eta Meteorologia Zerbitzuko plangintza-teknikaria.
- Segurtasun-zuzendarien erantzukizuna suteen aurkako babes-instalazioetan. Hizlariak: Antonio Tortosa Tecnifuegoko presidenteordea eta Francisco Llaneza Segurtasun Pribatuko Unitateko burua.
- Suteen aurkako babeseko espezialista. Hizlaria: Jon Michelena Cepreveneko zuzendaria.
- Digitalizazioaren sustapena prebentzioan: Mantentze-lanak eta larrialdiaren kudeaketa. Hizlariak: Carlos Chicharro Tecnifuegoko Arlo Aktiboko zuzendaria eta Lluis Marin Tecnifuegoko Detekzio Ekipoen Fabrikatzaileen Batzorde Sektorialeko koordinatzailea.
- Babes Pasiboko Sistemen Mantentze-lanen aktak: babes integralerantz. Hizlaria: Rafael Sarasola Tecnifuegoko Babes Pasiboko Sistemen Ingeniaritza, Instalazio eta Mantentze-lanetako Batzorde Sektorialeko koordinatzailea.
- Suteak eraikinetan, jasangarritasunetik begiratuta. Hizlaria: Albert Grau Tecnifuegoko Arlo Pasiboko zuzendaria.
- Une 192005-2 Araua, Suteen aurkako instalazioen arauzko ikuskapena. Hizlaria: Manuel Martinez CTN 192 SC5 UNEko presidentea eta Tecnifuegoko arlo aktiboko Instalazio-batzordeko koordinatzailea.
- UNE 23500 araua, ur-hornidura. Berrikuntza nagusiak. Hizlaria: Carlos Lujan GT Revisión UNE 23500 presidentea.
- ‘Prebentzioaren garrantzia. Hizlaria: Pedro Luis Izaga Bizkaiko Foru Aldundiko Larrialdietako eta Babes Zibileko zuzendari nagusia.