2.200 pertsonak bisitatu dute Gernika-Bermeo trenbideari buruzko erakusketa
Gernika eta Bermeo arteko trenbidea behartuta egin zutenak gogoratzeko, aitortzeko eta omentzeko ekitaldiak egin dituzte azken hilabeteotan, eta Bermeoko Kofradia Zaharrean ikusgai egon da argazki erakusketa apirilaren 3ra arte. Eusko Trenbide Saretik jakinarazi dutenez, 2.600 pertsonak hartu dute parte Gerra Zibilean eta frankismoan trenbidean behartutako lanak egin zituztenak omentzeko Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak antolatutako ekitaldietan.
2.176 bisitari eduki ditu otsailaren 26tik apirilaren 3ra bitartean Kofradia Zaharrean egon den erakusketak. Gainera, Foruan, Gernika-Lumon, Sukarrietan, Bermeon eta Mundakan egindako hitzaldietan 300 pertsonak parte hartu dute danetara. Hain zuzen ere, horiek Kriminologiako Euskadiko Profesionalen eta Ikasleen Elkarteak antolatu ditu, eta Jose Angel Etxaniz Txato Gernikazarra taldeko kideak, Juanjo Olaizola Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendariak, Mikel Diego Aranzadiko kideak, Paco Etxeberria EHUko antropologo forentseak eta Edorta Jimenez idazleak eman dituzte. Solasaldi horien edukia eta argazki-material ugari “efemeridearen oroitzapenezko liburu bat” argitaratzeko baliatu direla azaldu dute.
Otsailaren 26an Bermeoko Kasinoan egin zuten omenaldi ekitaldia, eta bertan aurkeztu zituzten erakusketa zein gaiari buruzko hitzaldiak. “Bermeoko erakusketak isilarazita egon den gure oraintsuko historiaren orri bat zabaltzea izan du helburu. 1937tik, diktaduraren zati handi batean, gerrako milaka preso erabili ziren, eta, ondoren, preso komunak, herriak, azpiegiturak edo errepideak, urtegiak edo trenbideak berreraikitzeko eskulan esklabo moduan. Horien artean daude hondakinak kendu eta berriz ere foru-hiribildua eraikitzen eta geltokia eta trenbidearen zati bat berreraikitzen eta trenbidea Sukarrietatik Bermeoraino luzatzen parte hartu zuten zigor-destakamentuak, Gernikakoa lehenengo eta Bermeokoa geroago.Orain arte 80 preso baino gehiago identifikatu dira, eta plaka-oroigarri bana dago Bermeoko eta Gernikako tren geltokietan, guztien omenez”, gogoratu dute.
Halaber, zehaztu dute erakusketa dagoeneko ikusgai ez badago ere, argazkiak eta pasarteen azalpeneko testuekin osatutako hango oholetako erreplikak badaude oraindik ere Gernika-Lumoko, Itsasbegiko, Mundakako eta Bermeoko tren geltokietan.