"Edizio honek inoiz baino irmoago erakutsi digu Korrikak zein babesa izan duen"
22.Korrikaren balorazioa egin du AEK-k gaur [apirilak 11] goizean Donostiako Boulevard-eko kioskoaren ondoan. AEKren ustez, gizartearentzat ere, "Korrika tresna bat da herria bizirik dagoela erakusteko; euskaraz bizi nahi duela adierazteko".
22. Korrikak helburuak bete dituela jakinarazi du AEK-k, batetik, euskararen aldeko kontzientzia, herri-gogoa, hauspotzea, eta bestetik, AEKren aldeko babes ekonomikoa jasotzea, eguneroko lana indartzeari begira. Urtebete geroago izan bada ere, euskararen olatua berreskuratzea eta errepidera ateratzea “oso garrantzitsua” izan dela esan dute, baita azarotik hona Korrikaren ikasturtea ia normaltasun osoz gauzatzea.
Azpimarratu dute baita, “inoiz baino argiago” dutela Korrika egiten jarraituko dutela: “Edizio honek inoiz baino irmoago erakutsi digu Korrikak zein babesa izan duen; ikusi dugu hau izan dela maitatuena, kilometroz kilometro ondoen zaindu dena”.
AEKrentzat, eta, AEKren ustez, gizartearentzat ere, Korrika tresna bat da herria bizirik dagoela erakusteko: “indibidualismoaren garaian, kolektiboa, taldearen indarra islatzeko, herriak euskaraz bizi nahi duela adierazteko, eta, bereziki, tresna moduan erabiliko da euskararen auzian urrats eraginkorragoak eman daitezen”. Horrela, hurrengo Korrika 2024an izango dela aurreratu du AEK-k martxoaren 14an hasiko dela eta 24an bukatu.
Bestalde, Alizia Iribarren AEKren Koordinatzaile Nagusiak dei egin die erakunde nagusiei euskara ikastea doakoa izan dadin.”Korrikaren ingurumarian, abian jarri da doako ezagutzaren unibertsalizazioaren beharra jorratuko duen dinamika ere(Hitzekin. Denok euskara doan). Ekimenaren gakoa da azpimarratzea euskara ikasi nahi duten herritarrek dohainik jarduteko parada izan behar dutela. Beraz, Administrazioen aldetik erabaki ausartagoak hartu beharko dira”.
Zerbait fisiko. Karmele Jaio Eiguren kazetari eta idazleak idatzi du aurten 22. Korrikan, lekukoaren barruan herriz herri ibili den mezua. Emozioz bete egin zituen Korrikaren azken metroak lekukoa eskuan, eta 11 egunez lekukoan ezkutatuta egon den mezua irakurri zuen Donostiako Boulevard Zumardian egin zen amaiera ekitaldian. Hizkuntza bat ez dela bakarrik hitzekin egiten esan zuen Jaiok, “hitzekin eta gorputzekin baizik”, eta Korrikak hizkuntza zerbait fisiko bihurtzeko ahalmena duela azpimarratu zuen. “Gure a e i o u partikularra gorpuzteko. Eta hori behar du euskarak: haragi bihurtzen diren hitzak”.
Euskaraz zikintzeko gonbita egin zuen idazleak, “bizitzaz lohitzeko”, eta hainbat inertziaren kontra egitera animatu zuen: “Hitzak hustu egin diren garai batean, bete ditzagun euskararen berbak harri eta herriz”.
Euskara “ez dela zaila, euskara nahia dela”, irakatsi duten Pello Zabala, Joan Mari Torrealdai, Elbira Zipitria, Julene Azpeitia edo Izaskun Arrue gogora ekarri eta eredu bezala ere jarri zituen azken mezuan Jaiok, eta euskaldun berrien eta zaharren arteko bereizketarekin bukatzearen alde ere egin zuen, “hizkuntza bat egunero hasten delako, egunero berritzen delako, eta hizkuntza bat ez delako jaiotzen, egin egiten delako”. Eta, gaineratu zuen, euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baino.