Edukiontziak berritu eta birziklatze kanpaina egingo du Busturiko Udalak
Organikoa zabaldu eta indartu gura dute. Edukiontzi guztiak berdinak izango dira, gris kolorekoak eta edukiera berdinekoak; estalkiaren koloreagatik desberdinduko dira.
Udalarenak diren edukiontziak berrituko ditu Busturiko Udalak, eta birziklatze eta informazio kanpaina “indartsua” egiteko asmoa daukatela iragarri du Aitor Aretxaga alkateak.
Busturiko edukiontziek 15 urte inguru dauzkate, eta “zaharkituta” daudela dio Aretxagak. Horiek berritzeko ideia aspalditik daukatela esan du, baina «garestia dela. Jakitera eman du orain dela gutxi argitaratu zutela horri zuzendutako diru laguntza baten dekretua, “eta hori baliatuta” aurrera egingo dutela aspaldidanik daukaten ideiagaz.
Edukiontziak berritzeaz gain, organikoa zabaldu eta indartu gura dute: “Ingurumen legeak gero eta zorrotzagoak dira. Soberako hondakinek kostu bat suposatuko dute udalarentzat, zenbat eta hobeto sailkatu udalarentzat merkeagoa izango da eta, era berean, ingurumenerako mesedegarria ere bada, eta hori da bultzatu behar duguna, denon ongizatea”.
Edukiontziak berritzeaz gain, informazio kanpaina bat ere egin gura dute “birziklapena bultzatzeko eta pedagogia egiteko”. Gauza “serioa” dela nabarmendu du Aretxagak, eta “lan handia2 egin beharra dagoela uste du: “Kanpaina indartsua egin behar da, eta guk udalean ez daukagu teknikaririk, eta ez gara adituak gai honetan. Horregatik, enpresa baten laguntzagaz egingo dugu kanpaina. Proiektu txiki bat prestatu digute, nondik jo behar dugun jakiteko”. Kanpaina “gogorra” eta “argia” izatea gura dute. Azaldu dutenez, triptikoak zabaltzeaz gain, batzarrak egitea ere badaukate aurreikusita, herritarren zalantza guztiak argitu aldera.
Ahal den leku guztietara. Udalarenak diren edukiontziak paperarena, errefusarena eta organikoarena dira: “Paperaren eta errefusaren edukiontziak indartu gura ditugu. Herrian, ahal den leku guztietara heltzea da asmoa, eta gune guztietan hiru motako edukiontziak egon daitezen gura dugu. Errefusaren edukiontziak leku guztietan daude, baina organikoarena hiru gunetan baino ez dago eta paperarena ere ez dago leku guztietan. Hortaz, aukerak zabaldu gura ditugu eta herritarrei erraztasunak eman, errazago eta gehiago birziklatzeko».
Aurrerantzean, gainera, edukiontzi guztiak berdinak izango dira: “Gris kolorekoak izango dira denak eta edukiera berdinekoak (1.100 litro). Edukiontzien estalkiak izango dira bakoitza bere kolorekoa; marroia giltzagaz joango da”. Gainera, baten bat gehiago erosiko dutela adierazi du, baten bat apurtzen bada ordezkatu ahal izateko eta udan birziklatze puntuak indartzeko. “Udan askoz ere jende gehiago egoten da Busturian, eta errefortzu modura jarriko ditugu edukiontziak herriko gune nagusienetan, hau da, beharrizana ikusten den lekuetan. Orain, maiatzetik irailera bitartean, papera, esaterako, astean behin batu barik, birritan egiten da. Aurrerantzean, errefortzua jarrita, gastua udalarentzat murriztu egingo litzateke, astean behin egingo litzatekeelako bilketa”.
Diru laguntzak eskatuta. Hornitzaileagaz berba egin dutela eta zenbait ideia eman dizkietela gehitu du alkateak. Izan ere, Busturia oso sakabanatuta dagoen herria da. Hala, familia bakarreko etxebizitetarako bakarkako konpostagailuak ondo leudekeela uste dute: “Uste dute herritarren artean onarpena eduki ahal duela, eta ideia ona dela uste dugu guk ere». Hasteko, hortaz, pentsatu dute hamar konpostagailu eskuratzea eta gura duten herritarrei banatzea: «Esperientzia pilotua izango litzateke, ea zelan ateratzen den”.
Diru laguntzak eskatuta dauzkate, bai Energiaren Euskal Erakundean (EEE) baita ere Bizkaiko Foru Aldundian. Diru laguntzen zain, proiektuok ez dituzte aurtengo aurrekontuan sartu. “Ematen diguten diru laguntzen arabera, gainerakoa soberakinetatik hartzekotan geratu gara”.