"Ipini dugun esfortzu guztia zelaian eta emaitzetan igarri da"
Gernika RT-Getxo RT taldeak asteburuan amaitu du liga, bigarren postuan. Zailtasun eta oztopoei aurre eginda, partidu denetan gogotsu irten dira zelaira, eta egindako lanagatik eta lortu dutenagatik oso harro daude jokalariak.
Gernika RTko eta Getxo RTko jokalariak batuta osatu duzue taldea. Denboraldiaren zelako balorazioa egin duzue?
Maite Bilbao: Denboraldia apur bat arraroa izan da. Ikastea baino bizirautea gehiago izan da. Joko aldetik gauza asko ezin izan ditugu ikasi, baina gure artean eta jokoan ezagutu gara. Pazientzia pila bat irabazi dugu. Orain arte jokoa apur bat zuzenduagoa eduki dugu, eta aurten, nahikoa libreak izan gara, gure esku egon dira erabaki asko. Gainera, denboraldi hasieran ez genekien seguru jokatuko genuen edo ez. Hau dena abuztuaren 30ean hasi zen, dei bategaz. Hasieratik serio entrenatzen egon izan bagina, desberdina izango zen.
Batirtze Basabe: Talde moduan oso harro gaude lortu dugunagatik. Kontuan eduki behar da aurten, zigor bat edukita ere, ligan bigarren geratu garela. Hori guretzat izugarria da. Talde moduan ez ginen batere ezagutzen, ezta entrenatzailea ere. Gure partetik ipini dugun esfortzu guztia zelaian eta emaitzetan igarri da. Eibarren kontra ez jokatzeagatik eduki dugun zigorragatik puntu horiek galtzea pena izan da. Agian, lehenengo gelditu ahal izango ginen, erraz. Eibarrera ez ginen aurkeztu, taldea ligan izena emanda bazegoen ere, fitxak ez zirelako epe barruan eginda egon; taldeko hiruk bakarrik zeukaten fitxa.
Klub bi elkartzean, lanketa handiena bat egite hori lortzeko egin duzue. Zelakoa izan da prozesua?
B.B.: Prozesu oso gogorra eta gaitza da. Gernika RTkook oinarria eduki dugu, taldea eta jokalari batzuk; ezagutzen ginen, eta hori igarri egiten da. Kanpoko jendeagaz konfiantza hartzeko denbora behar da. Entrenamendu gutxi egin ditugu alkarregaz, baina, gogoagaz hartu dugu, eta gutxienez, konfiantza hartzea eta alkar ezagutzea lortu dugu. Nahiz eta momentu batzuetan egoera apur bat gaitza izan, aurrera tiratu dugu, eta hori ikusi da; gauzak polito irten dira.
M.B.: Gernikatik egon garen jokalariok besteak baino esperientzia gehiago eduki dugu. Haietako batzuk iaz edo orain dela bi urte hasi ziren; Getxon lehenengo taldeagaz 30 fitxa badaude, ez zuten jokatzen edo ez zeuden deialdietan, eta hona etorri direnean gozatu egin dute. Lehen taldetik ere gugaz etorri direnek gozatu, ikasi eta esperientzia hartu dute. Hori oso garrantzitsua da. Askotan Getxoren lehenengo taldeko jokalariek gugaz entrenatzen zuten. Agian, era batera entrenatzen genuen eta zapatuko partidurako dana aldatzen zen, guk pentsatzen genuen Getxotik etorriko ziren jokalariak ez ziren etortzen partidura.
B.B.: Zentzu horretan gogorragoa egin zaigu. Partidura zenbat eta zeintzuk jokalari joango ginen edota ze postutan jokatuko genuen azken momentuan jakiten genuen astebururo. Jokalari batzuk finkoak ginen, baina aldaketak egonda, jokoa ere moldatu behar izan dugu. Zoramen apur bat izan arren, polita izan da, eta jokalari guztiok beti gogoagaz joan gara partiduetara. Danak gogotsu irteten ginen zelaira, eta hori guztiz polita da.
Jokalarietan bestelako gorabeherarik izan duzue?
M.B.: Lesio handi edo garrantzitsurik ez dugu eduki. Baina lehen taldekoek lesioengatik edo lanagatik jokatu ezin izan dutenean, gure taldekoek ordezkatzen zituztenez, gure postuak aldatzen ziren.
“Partidura zenbat eta zeintzuk jokalari joango ginen edota ze postutan jokatuko genuen azken momentuan jakiten genuen astebururo”
Entrenatzaile berriagaz zelan moldatu zarete?
M.B.: Burro gugaz oso ondo portatu da. Gugatik pila bat borrokatu du, gauza asko egin ditu. Beragatik izango ez balitz, taldea ez zen irtengo. Ahal izan duen guztia egin du, eta horretan dabil oraindino. Bera da gure alde egiten duen lehenengoa. Gernikan nesken talde bat sortzea nahi du. Bera barik egin dugunaren erdia ere ez genuke egingo. Pazientzia itzela eduki du gugaz. Eskerrak eman nahi dizkiogu.
Azkenengo jardunaldia etxean lehiatu, eta 19 eta 20 galdu zenuten Durangoren kontra. Zelako partidua izan zen zapatukoa?
M.B.: Lekuz kanpo egon ginen partiduan. Uste dut askoz gehiago egin ahal izan genuela. Durangon berdindu egin genuen, eta partidu gogorra izan zen; ligaren hasierako partiduetako bat izan zen.
B.B.: Momentu batzuetan, txipa aldatu, partiduan sartu eta gauza politak ikusi ziren. Irabazi genezakeen, baina talde moduan apur bat zentratu barik ibili ginen. Hori igarri zen zelaian. Giro oso ona egon zen, eta horrek jokatzeko motibazioa ematen dizu. Nahiz eta irabazteko zen azken partidu hori etxean galdu, pozik irten ginen. Gauza politak ikusi ziren, baina gehiago egin genezakeen. Gainera, markagailua eta denbora kontaketa txarto zeuden. Markagailuak irabazten gindoazela adierazten zuen, eta ez zen horrela. Azken momentuan enteratu ginen galtzen gindoazela, eta 4 minutu barik 20 segundo geratzen zirela amaitzeko.
M.B.: Baina oso pozik amaitu genuen. Hirugarren denbora ere Urbietan egin genuen. Mutilen bigarren taldeak ere Getxoren kontra jokatu zuenez, denok batera egon ginen. Sekulako giroa sortu zen hemen. Ikusi zen taldea osatzea lortu dugula; orain arte bizpahiru geratzen ziren, baina jada hemen talde osoa geratzean beste sentsazio bategaz amaitu dugu, denok gara bat. Familia txiki bat sortzen hasi gara.
Garaipen asko lortu dituzue. Partidurik zailenak zeintzuk izan dira?
B.B.: Durangoren kontrakoak; talde gogorrena izan da, aurpegia gehien eman duena. Fisikoki ere jokalari gogorrenak dituena da.
M.B.: Logroñon jokatu genuena ere oso gogorra izan zen, baina zapore onagaz irten ginen. Jokalari bat gutxiagogaz joan ginen, eta jokalari bat kanporatuta, hamarrek hamabiren kontra jokatu genuen.
B.B.: Azken momentura arte ez genuen galdu; aurpegia ematen egon ginen partidu osoan, eta amaieran jende falta igarri zen. 27 eta 29 galduta ere, pozik eta harro amaitu genuen.
Orain beste torneoren bat jokatuko duzue ala denboraldia amaitu da zuentzat?
M.B.: Entrenatzen segitzen dugu. Orain dela bi aste esan ziguten beste ligaxka baten antzekoa egingo dela, baina ez digute ezer baieztatu. Itxaroten gabiltza; suposatzen dugu datorren asterako zer edo zer esango digutela, baina ez dakigu. Getxoko lehenengo taldekoek datorren astean amaitzen dute, eta uste dut denok bukatu arte itxaroten ari direla.
B.B.: Printzipioz ez dakigu ezer. Sevenak –torneoak– egoteko esperantza badaukagu, iaz ere zer edo zer egon zen eta.
“Seigarren denboraldia da eta, behintzat, sei urteko lana ez galtzea nahi dugu;
zerotik sortu den talde bat galtzea pena itzela litzateke”
Datorren denboraldira begira, ze aurreikuspen dituzue?
M.B.: Ez dakigu zer gertatuko den. Jendeak baietz esaten du, baina gero ez da agertzen. Pena itzela ematen digu, oso gutxi gaudelako. Gernikatik serio-serio egon garenak bi edo hiru izan gara. Aurten bat-bateko gauza izan da, eta ez da txarto irten, oso pozik gaude, eta taldeagaz gustura. Berriro bi klubak batuta taldea sortzea erabakitzen badugu, dena ondo adostu beharko dugu. Orain zuzendaritzakoekin eta gure artean berba egingo dugu, jendeak zer esperantza daukan ikusteko. Gaitza ikusten dugu Gernikako talde bat bakarrik sortzea. Datorren urterako taldea osatu gura badugu, Getxogaz segituta izan beharko da, pena da, baina horrela da. Jendea animatzea nahi dugu.
B.B.: Ea segitzeko aukera dagoen. Behintzat errugbian talderik ez galtzea nahi dugu, nesken ligetan nahikoa eskas gabiltza taldeekin. Zerotik sortu den talde bat galtzea pena itzela litzateke.
M.B.: Seigarren denboraldia da eta, behintzat, sei urteko lana ez galtzea nahi dugu, horrek ematen dit pena handiena. Gazteei errugbian neskekin entrenatzeko aukera eman behar zaie; Gernikan ez edukitzeko bakarrik futbola eta saskibaloia. Errugbian 16 urtera arte mutilekin entrenatzen dute eta 16 urtetik aurrera, gugaz entrenatu dezakete.