Osasun sistemaren aldeko mozioa aho batez onartu du Bermeoko udalbatzak
Osasun sistema publikoan "baliabide gehiagoren" beharra dagoela nabarmendu dute mozioan, eta lehen arreta "gainezka" dagoela eta, irtenbide bat bilatzeko eskatu dute.
Bermeoko osoko bilkurak osasun sistemaren aldeko mozioa onartu du, aho batez. Udala osatzen duten alderdiek adostutako testua eroan zuten barikuko osoko bilkurara eta, hortaz, hiru alderdien aldeko botoak jaso zituen mozioak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari helaraziko diote onartutako mozioa.
Osasun sistema publikoan baliabide gehiago jarri behar direla diote mozioan eta lehen arreta indartu behar dela; «ezin daiteke pandemiari neurri murriztatzaileekin bakarrik aurre egin». Osakidetzako lehen arreta «gainezka» dagoela eta, irtenbidea eman behar zaiola uste dute, administrazioak horretan arreta jarri beharko lukeela iritzita; «bere erantzunkizun zuzena da eta». Bermeoko osasun zentroa jarri dute adibide modura: «Bermeotarrok zerbitzuak mugatuta aurkitzen ditugu».
Uste dute osasun sistema publikoan baliabide gehiagoren beharrizana dagoela, batetik, lehen arreta indartzeko eta, bestetik, Bermeon kalitatezko zerbitzuak bermatzeko: «Pandemiari zerbitzuak babestuz eta bermatuz erantzun behar diogu, arloko profesionalei babesa eskainiz eta sistema bera indartuz».
Mozioaren bitartez Osasun Sailari eskatzen diote lehen arreta indartzeko, hori baita herritarrengandik hurbilen dagoen asistentzia maila, «iriste erraztasun handiagoa bermatuz eta osasun arloko ekitate ezak saihestuz». Horrez gain, eskatu dute COVID-19aren kontrako borrokaren, kutsatu diren pertsonen zaintzaren eta beste patologia batzuek jota dauden pertsonei eman beharreko arretaren zerbitzura jarri ditzatela eskuragarri dauden baliabide pertsonal eta material guztiak, «herritarrei kalitatezko lehen zerbitzuak emateko».
Bermeoko osasun zentroan eta Gernikako ospitalean fakultatiboen eta erizainen lanpostu hutsak betetzeko, administrazio arloak indartzeko eta profil funtzional berrien alde egiteko ere eskatu dute. Gainera, Gernikako ospitaleak sorreran zituen helburuak betetzea «beharrezkoa» ikusten dute.
Langileria berritzeko, langile kopurua handitzeko eta finkatzeko prozesua burutzea ere eskatu dute, «onartu eta deitu diren Enplegu Eskaintza Publikoen bidez».
Osasun arreta jasotzeko itxaron zerrendak eta berandutze denborak ere kontuan izan dituzte eskaeran, murrizteko eskatuz. Gainera, patologia larriak eta kronikoak dituzten pazienteen beharretan «arreta berezia» jartzeko eskatu dute.
Gaueko guardia farmazia zerbitzua ere ez dute ahaztu. Farmazia elkargoari gogorarazi gura diote Bermeoko Udalak farmazia zerbitzua gauez bermatzeko egindako eskaria, «bermeotarrei arreta eta zerbitzu erraz eta egokia eskaintzeko».
Elkarlana eskaini. Hori guztia betetze aldera, Bermeoko Udalak, bere eskumenen esparru barruan, Osasun Sailagaz eta Osakidetzagaz elkarlanean jarduteko konpromisoa adierazi du.
Alde guztietatik testu bateratu bat lortzeko egin duten lana balioan jarri gura izan dute, testu desberdinetatik eratorritako testu bateratua osatzeko gai izan baitira.