'Karena' eleberria esku artean dauka Alaine Agirrek
Amatasunarekin lotutako hainbat gai dakartza 'Karena' eleberriak, normalean isilpean eta ezkutuan geratzen direnak azaleratuz. 44. Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria jaso zuen bermeotarrak lan honengatik.
44. Irun Hiriko Kutxa Literatura Saria jaso zuen irailean Alaine Agirre Garmendia idazle bermeotarrak, euskarazko eleberrien atalean. Orain, esku artean dauka Karena liburua, eta gaur goizean aurkeztu du olerkien atalean saritu zuten Leire Vargasekin batera.
Amatasunarekin lotutako hainbat gai dakartza Karena eleberriak, normalean isilpean eta ezkutuan geratzen direnak azaleratuz: Lagundutako Ugalketa teknikak, haien ondorio fisiko eta psikologikoak, bikotean sortzen diren arrakalak, amarenganako errespeturik gabeko erditzeak, nahi gabeko abortuak eta horren doluak… Hemen Agirrek Busturialdeko Hitzari kontatutakoak saria jaso zuenean.
Eleberria eta egin dioten liburuaren azal “ederra” deskribatzeko zenbait berba aipatu ditu Agirrek gaurkoan: “Amatasun nahi eta ezinaz, bilatzen dena ez aurkitzeaz. Haurdunaldiaz eta abortuaz, jaiotza eta heriotzaz, hutsaz eta beteaz. Galderez eta galerez dihardu Karenak. Debekatutako dolu baten kontakizuna da, eta ezin zan bestela izan liburuaren azala. Gorputzak egon behar zuen hor, lehen planoan, bere min, bere mamin, bere egia guztiak agerian utziz. Konbentzio, agindu, presio edertze oro erantsita. Isildutako dolua aldarriz eta kantuz kontatuz. Ikusezina ikusgarria eginez. Ustez izanik ez duen horri izena emanez. Jarri genezakeen portadan umeki baten irudia, plazenta batena, haurdun dagoen sabelarena, kirofano, laborategi, erditze gela batena edo odolez gainez egindako konpresa batena. Baina ez, guzti horiek agertzen diren arren, istorio hau zinez Sararen barne bidaiaz baitoa. Berak bizi, sentitu, pentsatu, zalantza galdu eta galdegindakoaz. Ezin zen bestela izan, gorputzak egon behar zuen hor. Subjektu eta kontalari eta guduzelai zein itsaso den gorputzak, badenak eta inporta duenak, gorputzak eta gorputzetik. Ea zure gorputzera iritsi eta hor ere gorpuzten den”.
Antxiñe Mendizabal editorearen esanetan, ziurrenik Agirreren literaturaren ezaugarri garrantzitsuenetako bat “pudore falta” da. Literatura eginez, “esan ez diren edo esan ezin direnak ere esateko”. Mendizabalen arabera, Agirrek badaki irakurlea “jotzen eta hunkitzen, asaldatu barik”, eta badaki “gordenkeriarik barik biluzten dotereziaz, sentiberatasuna eta egiazkotasuna beti daudelako bere literaturan presente, baita umorea ere”.
Gaineratu du Agirrek beti idatzi duela emakume ahotsaz eta emakume gorputz batetik. Istorio honetan “mina” dagoela aipatu du, “letra larriz” idatzitako mina, “maitasunak berarekin dakarrelako askotan mina eta amatasunak bietatik dauka asko”. Hala ere, editorearen ustez, Agirreren begirada “leundu” egin da eleberri honetan: “Minari distantziatik begiratzen jakin du, zauriak orbaintzen hasi direnean, orbainak tatuaje bihurtu zaizkio”.