Merkataritza eta Turismo Mahaia eratzea onartu du Bermeoko Udalak
Merkataritza eta Turismo mahaiaren araudia hasieraz onartu dute EAJren aldeko botoekin. Guzanek eta EH Bilduk aurka bozkatu dute, "oposizioarentzako lekua ez dagoelako mahai horretan".
Bermeoko Udalak Merkataritza eta Turismo Mahaia eratzea onartu zuen barikuko osoko bilkuran, horretarako araudia hasieraz onartuz. Eusko Alderdi Jeltzalearen (EAJ) aldeko botoak izan zituen, Guzan eta EH Bildu, berriz, aurka agertu ziren.
Udaletik azaldu dutenez, herriko komertzio, ostalaritza eta turismo sektorea sustatzea du helburu lankidetza publiko eta pribatuak. Halaber, udalaren eta sektore horien arteko kontsultarako, partaidetzarako, koordinaziorako eta lankidetzarako foroa izatea bilatzen du.
Aritz Abaroa Bermeoko alkateak dio udalaren eta merkataritza eta turismoaren elkarlanerako “foro egokia bezain emankorra” izango dela: “Lankidetza honi esker, sektore hauek bultzatzeaz gain, harreman zuzena izateko aukera berria izango dugu. Udalak beti mantendu izan du komunikazioa herriko merkataritza, ostalaritza eta turismo sektoreekin, baina mahai honen eraketagaz pauso bat gehiago emango dugu”.
Foroan sektore bakoitzeko kezkak, galderak edota iritziak partekatu ahalko dituzte, eta sektoreentzat zein herriarentzat “onuragarriak” izan daitezkeen ekimenak landuko dituztela adierazi du, “ikuspegi desberdinak mahaigaineratuz”.
Alkateak gogoratu du sektore horiek “zuzenean kolpatuak” izan direla COVID-19aren pandemian eta eurei laguntzeko Nik BermeON kanpaina abiatu zutela, “herriko ekonomia berraktibatu eta kontsumo lokala sustatzeko”. Bide berean aurrera egiten jarraitzeko eratu dute mahaia: elkarlana eta zuzeneko hartu-emana balioan jartzeko eta estrategia bateratuak lantzeko.
Hauek izango dira mahaiaren zereginak:
- Bermeoko merkataritza, ostalaritza eta turismo sektoreei laguntzeko, parte hartzeko eta kontsultarako foroa sortzea.
- Bermeoko merkataritza eta turismo sarea sustatzeko, dinamizatzeko eta suspertzeko lan egitea, “udalak egiten dituen merkataritza politiketan Merkataritza Mahaiko kideen partehartzearen eta adostasunaren bidez”.
- Tokiko merkataritzaren eta turismo sektorearen onurarako, eta, ondorioz, Bermeorako- estrategiak eta ekintzak udalari proposatzea.
- Merkataritza eta Turismo Mahaiak adostutako proposamenak abiaraztea.
- Merkataritza eta Turismo Mahaian sortutako ekintzen jarraipena egitea.
- Eraberritzea bultzatzea eta horretarako prestakuntza ikastaroak, hitzaldiak… antolatzea.
- Tokiko merkataritzan eta turismo sektorean kontsumoa handitzeko komunikazio, sustapen eta animazio komertzialeko kanpainak proposatzea eta egitea.
Aipatu mahaian oposizioa ez dagoela aipatu dute Guzanekoek: “Zuek orain hasten duzuenak bihar edo etzi ibilbidea izatea gura baldin baduzue, garrantzitsua da mahai horretan oposizioa egotea. Uste dugu mota horretako mahaietan oposizioak ere egon beharko lukeela”.
EH Bilduk, berriz, “kezka” agertu du dagoen turismo ereduaren inguruan: “Bai Bermeon eta baita ere eskualdean turismoaren gaiak norabide arriskutsua daroa. Gure ondare kulturalean eta naturalean inpaktua izaten ari da, eta honela jarraitzuz gero inpaktua areagotuko da”. Gaztelugatxe aipatu dute, “bermeotarrena dena”, baina “Bizkaiko Foru Aldundiaren esku” geratu dena, baita ere Guggengheim proiektuaren “mamua” ekarri dute gogora. Turismo alorrean dagoen “komunikazio arazoa” ere aipatu dute.
Ekonomia berraktibatzeko aukera bat dela uste dute, eta ados daude araudiak aipatzen duen parte hartzeagaz eta dinamizazioagaz. Hortaz, EH Bilduk uste du orokorrean mahaia “oso ondo” dagoela, baina mahaiaren antolaketagaz ez daude ados: “Berriro ere oposizioa baztertu duzue guztiz estrategikoa den eta parte hartu gura dugun gai batean. Ikuspegi desberdinek aberastu egingo lukete mahaia. Oso larria iruditzen zaigu oposizioa kanpoan uztea”.
“Pena” agertu dute EH Bildukoek, mahai honetan parte hartzeko “interesa” zeukatelako; “ekarpen konstruktiboak egiteko asmoa geneukan”.