Emakumeenganako indarkeria, itzalpeko pandemia
Goizez zein arratsaldez ekitaldi eta elkarretaratze jendetsuak egin dituzte Busturialdeko herrietan.
Emakumeen aurkako indarkeriak mila aurpegi ditu, egunero gertatzen da, eta modu askotan. Aurtengoan ere, mota guztietako indarkeria gaitzetsi eta indarkeria sortzen duten agente eta egitura guztiei nahikoa dela esateko eguna da gaurkoa. Urtero moduan, aldarrikapenez bete dira kaleak, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Egunean.
Bermeon ekitaldi bateratua egin dute eguerdian ikastetxeek, udalak eta Erroxape Bermeoko Emakumeen elkarteak. Ikasleek modu desberdinetan eroan dituzte aldarrikapenak Taraskara, bertan baitzegoen deituta ekitaldia. Eleizalde Ikastolako, Sagrado Corazon Ikastetxeko eta San Frantzisko Herri Ikastetxeko zenbait ikasle bertaratu dira.
Bermeoko alkate Aritz Abaroak ikastetxeek egindako lana eskertu du, eta azpimarratu du hezkuntza arloaren inplikazioa “behar-beharrezkoa” dela berdintasunerako bidean: “Baloreak eta bizikidetza sustraietatik landu behar dugulako eta bide horretan erakundeak eta udala bera bidelagun izango gaituzue. Eragile desberdinen inplikazioagaz bakarrik lortuko dugulako aurrera egitea hasitako bide honetan”.
Udaleko talde politiko guztietako bozeramaileek, aho batez, onartutako adierazpen instituzionala irakurri du baita ere Abaroak. Indarkeria bikarioa aipatzen dute aurtengo adierazpen instituzionalean: “Indarkeria bikarioa esaten zaio emakumeari, hirugarren pertsonak baliatuz, kalte psikologiko handiena eta larriena eragiteko egiten zaion biolentzia motari, zeinak ankerkeria maila gorena lortzen duen haien erailketarekin (seme-alabak, ama, aita, egungo bikotekidea, etab.). Istanbulgo Hitzarmenean ezarritakoa aplikatuz, kasu horiek ere genero-indarkeriaren parte gisa ulertzen dira, seme-alabei egindako kalteak erasotzaileek emakumeei tratu txarrak transmititzeko tresna bihurtzen diren heinean”. Euskal erakundeek indarkeria horri aurre egiteko “erantzukizuna” dutela azpimarratu dute, “kontuan hartuta ez direla gertakari isolatuak, eta egiturazko desberdintasun egoera bati erantzuten diotela”. Egoera horri “ikuspegi feministatik” heldu behar zaiola uste dute.
Erroxape Emakume Elkartekoek ere hitza hartu dute. “Bidezkoagoa, berdintasunezkoa eta indarkeriarik gabekoa den gizarte bat aldarrikatzen duten ahotsekin” bat egiten dutela esan dute. COVID-19aren pandemia ere aipatu dute, horren eraginez, etxeko indarkeria gehitu dela nabarmenduta: “Itzalpeko pandemia da COVID-19aren krisiaren erdian hazten ari dena eta ahalegin kolektibo orokorra behar dugu krisi hori geldiarazteko”. Horien ustez, ahaleginak areagotu behar dira emakumeen aurkako indarkeriari aurre egitea “lehentasuna” izan dadin.
Mundakan Santa Katalina eguna dute gaur. Jairik ez dago, baina emakumeen aurkako indarkeriaren kontra agertu dira emakumeek. Mundakako Emakumeen Elkarteak deituta eta udalak babestuta, Santa Katalina aurrean batu dira emakumeak, eta matxismoak emakumeak hiltzen dituela adierazi dute. Halaber, emakumeen aurkako indarkeria salatu dute.Ā
Elkarretaratzean parte hartu du Irati Gondra herriko alkateak eta, esan duenez, ekintza bakoitza garrantzitsua da emakumeen aurkako indarkeriak dakarren tragediagaz amaitzeko. “Gizon eta emakumeen arteko Berdintasun Planaren barruan, puntu beltzak aurkitzeko eta ezabatzeko proiektu batean murgilduta gaude, Mundaka pertsona guztiak seguru sentitzen diren herria bilatzeko, baina, bereziki, emakumeak”, adierazi du alkateak.
Arratsaldean, elkarretaratzea egin dute busturiarrek ere, Menopausia: nire barrenak entzunez tailerra amaitu ostean.
Mugimendu feministen deia. Arratsaldean, mugimendu feministek hartuko dituzte kaleak; Bermeon eta Gernika-Lumon egingo dituzte ekitaldiak.
Lamerako Harrizko bankutik Taraskarainoko bidea egingo dute Bermeon, 19:00etan hasita. Aurre egingo dizueten emakumeak abestia ere zabaldu dute, kantu hori abesten joango baitira. Taraskan, berriz, indarkeria matxistaz hildako emakumeen oroimenezko kandelak piztuko dituzte.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak erabilitako leloagaz bat egingo dute Bermeoko feministek: Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak orain. Datuak ere aipatu dituzte: Bermeon 500 indarkeria egoera baino gehiago izan dira azken 16 urteetan, eta horietatik, gutxienez 30, sexu eraso izan dira.
“Era guztietako indarkeria eragiten da emakumeon gorputzaren gainean eta erasotzaileak ez dira anonimoak, izen eta abizenak dituzte. Gure erantzuna inoiz baino beharrezkoagoa da, bizitza letra larriz aldarrikatzeko”, adierazi dute. Hala, bizitza aldarrikatu dute; “patriarkatuaren eta gizonkeriaren aurrean bizitza da aldarrikatzen duguna”.
“Bortxatu egiten gaituzte, iraindu, kolpatu egiten gaituzte, umeak bahitzen dizkigute, gure gorputzak merkantzia gisara erabiltzen dituzte. Baina indarkeria hori baino askoz gehiago da. Adibidez, feminizatuta dauden lanetan dagoen prekarietatea indarkeria da, enplegu duina izateko baldintzarik ez zaigu eskaintzen”. Modu horretan, borrokan dauden emakumeen kolektiboekin bat egiten dtela adierazi dute gaurko ekitaldian, eta Bizkaiko kontserberetan hitzarmen duinaren alde borrokan dauden emakumeek antolatu duten manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak; zapatuan izango da, 12:30ean, Lameratik.
Gernika-Lumoko Sare Feministak deituta,Ā kaleak hartu dituzte Gernikako emakumeek eta euren egunerokotasunean bizi duten biolentzia salatu dute. Izan ere, milaka aurpegi desberdin dituen biolentzia dela jasatzen dutena adierazi dute: eraso fisiko eta psikologikoak, bortxaketak, laneko jazarpena, sexting-a, biolentzia bikarioa, biolentzia obstetrikoa… Gainera, bizitzako eremu guztietan sufritzen dutela adierazi dute, bai etxean, bai kalean, bai lanean, baita instituzio desberdinetan ere: “Gure harreman eremu ezberdinetatik dator gainera: bikote, jefe, epaile, aita ezezagun bat edo lau…”.
Emakumeenganako biolentzia “estrukturala” dela ozen esan dute, “dudarik barik”. “Emakumeok emakume izateagatik jasaten dugun biolentzia da gurea”. Gernikarrek “zoritxarrez” badutela horren berri gogorarazi dute, orain dela 12 urte bere senarra zenak hil zuen Izaskun Jimenez gogoratuz. Horrez gain, duela bi asteburu eta duela hilabete bat emakume gazte bik jasandako erasoak salatu dituzte. Argi eta ozen esan dute “nahikoa” dela: “Ez gaude prest horrelakoen aurrean eskuak gurutzatuta geratzeko. Autodefentsa feministan sinisten dugu, eta berau indartzeko ari gara”. Lan horretan jarraituko dute.
Sare feministako kideek herritarrei eskatu diete errealitateĀ honen aurrean “emakumeen bizitza askeen alde” egiteko, “denon ardura delako errealitate hau aldatzea”.