Elantxobeko berbalagunak
Berbalagun egitasmoa ipini dute martxan Elantxoben, eta aurreko barikuan egin zuten lehenengo hitzordua. Barikuro elkartuko dira, 10:00etatik 11:00etara, portuan. Elantxobeko Udalak jarri du martxan. Parte hartzea doakoa da, eta herritarrei euskaraz ikasteko, "euskaragaz ausartzeko", gonbidapena luzatu diete.
Hizkuntzak batu zein bereizi egiten gaitu. Halaber, hizkuntza berri bat ikastean, mundu berri bat ezagutzen dugu. Euskal Herrira helduta, horixe gertatu zitzaien Osamari, Estefaniari eta Israeli.
Marokotik eta Mexikotik etorri ziren gurera, eta hiruzpalau urte daramatzate Elantxoben, eta herriko tabernetan eta jatetxeetan behar egiten dute. “Egun on, ondo, eskerrik asko», eta antzeko berbak aspaldi ikasi zituzten, baina “herriko jendearen moduan berba egin gura” dute, “hemen denek euskaraz hitz egiten dutelako”, eta hori lortzeko bidean, udalerrian sortu den Berbalagun taldean daude.
Elantxobeko Udalak jarri du martxan egitasmoa. Parte hartzea doakoa da, eta herritarrei euskaraz ikasteko, “euskaragaz ausartzeko”, gonbidapena luzatu diete.
Aurreko barikuan egin zuten Berbalaguneko lehenengo saioa, eta aurrerantzean, barikuro elkartuko dira, 10:00etatik 11:00etara. Portuan batu, eta euskaraz berba egiten duten bitartean, kafe bat edota paseotxo bat ematea da bariku goizetarako daukaten plana.
Bizikidetzarako euskara ikastea ezinbestekoa dela azpimarratu dute: ”Zenbakiekin nahikoa ondo moldatzen gara. Hizkuntza ikasi eta herrian gehiago integratzea da gure asmoa. Hemengoek hitz egiten duten hizkuntzan hitz egiteko izena eman dugu. Hemen bizi gara, guretzat adaptazio-prozesuan garrantzitsua da hizkuntzaren bidez integratzea”.
Asier Guenaga Landabaso da arduraduna. Beragaz “oinarrizko gauzei” buruz berba egingo dute. “Bertoko euskara ikasiko dute. Nik esan diet ez dela egongo ez klarionik ez eta borragomarik ere”. Eurek nahi duten gaiei buruz, euren intereseko gaiei buruz berba egingo dute: “Horrela hasi gara. Lehen egunean moilari buruz aritu ginen, eta haren inguruko berbak ikasi zituzten, eta herriko historiari buruz ere aritu ginen. Oinarrizko gauza batzuk azaldu nahi dizkiet. Hau da, euren egunerokotasunean beharrezkoak diren gauzak ikasiko dituzte. Eurek eskatuko didate zeri buruz berba egin”.
Guenaga euskara irakaslea izan da 38 urtetan, eta bere ustez, halako egitasmoetarako “ez da behar gauza handirik ikasterik, borondatea” edukitzea.
Beste herri batzuetan euskaldunek ere parte hartzen dute: “Oinarrizko gauzetatik aparte, agian, beste gauza batzuk irtengo dira, tartean, bertokoek ere ez dakizkitenak. Nire ezagutza partekatuko dut. Nahi duena etorri dadila! Ez bakarrik hona beharrean etorri direnak, egon litezke beste arrazoi batzuengatik etorri direnak eta horiek ere parte hartzera animatzen ditugu”.
Elkarrekin euskara ikasteko ez ezik, elkar ezagutzeko baliagarria dela dio arduradunak: “Euren lanean ezagutzen nituen, eta orain beste gauza batzuetaz hitz egingo dugu, beste harreman bat sortuko da, gehiago hurreratuko gara. Gainera, herriko jendeak ikusiko du euskarekiko interesa daukatela, eta hori positibotzat hartuko dutela uste dut”.