Lurre Hurre proiektuak Bermeoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jasoko du
Bermeoko Udalaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak 19.262,64 euroko dirulaguntza emango dio Lurre Hurre proiektuari.
Landa garapenaren bidez migranteen partaidetza bultzatzeko helburua dauka Bermeoko boluntario talde batek sortutako Lurre Hurre proiektuak. Jakitera eman dutenez, aurrerantzean, proiektuak Bermeoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza eta bultzada izango du proiektuak. Hala, Bermeoko Udalaren bidez, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak 19.262,64 euroko dirulaguntza emango dio aipatu integrazio proiektuari.
Migrazio eta Asilo zuzendari Xabier Legarreta bermeotarrak Lurre Hurre proiektua gertutik ezagutzeko aukera izan du, proiektuaren arduradunen eta Bermeoko alkate Aritz Abaroaren eskutik.
Gogorarazi dutenez, 2020. urtean abiatu zen Lurre Hurre proiektua. Helburu nagusiak dira bertoko baloreetan oinarrituz, pertsona migranteei laguntza integrala ematea, ahalduntzea, gizartean integratzen laguntzea eta herriko nekazaritza ekologikoa sustatzea. Sakonago azalduta, pertsona migranteen –beraien egoera erregularizatu arte– oinarrizko beharrei estaldura eman gura zaie, jarraipena eman, baita ere integrazioa lortzeko ahaldundu nahi zaie, nekazaritzak beharrezkoa duen bultzadarekin uztartuta. Hala, sistematik kanpo dauden pertsona horiei gizarteratzeko tresnak ematen zaizkien bitartean, herriko nekazaritza ekologikoa ere sustatzen dela diote. Beraz, proiektuaren gizarte arlo nagusiak, integrazioagaz eta kulturartekotasunagaz eta gizarteratzeagaz lotzen dituzte.
2020an bertan hasi zen Bermeoko Udala Lurre Hurre proiektua babesten; hain zuzen, Almika auzoan zituzten udal jabetzako zenbait lur bideratu zituzten proiektura. Jakitera eman dutenez, aurten, lur horiek proiektura bideratzeaz gain, proiektuaren bideragarritasuna bermatzeko, Bermeoko Udalak 6.000 euroko ekarpen ekonomikoa egin dio proiektuari. Era berean, proiektuaren arduradunekin batera elkarlanean, Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Migrazio eta Asilo zuzendaritzaren diru laguntza deialdira ere aurkeztu zuten Lurre Hurre.
Azaldu dutenez, diru laguntza horien bidez, proiektuan parte hartzen duten pertsonen etxebizitza gastuei, formakuntza beken gastuei, integraziora bideratutako ekintzen gastuei eta nekazal jarduera garatzeko beharrezko baliabideen gastuei aurre egin nahi zaie neurri batean. Izan ere, Lurre Hurre elkarteak urte eta erdiko formakuntza programa prestatzen du pertsona migranteek nekazal lanbidea ikasi dezaten.
“Proiektua sortu zenetik Bermeoko Udalak laguntzeko borondatea agertu du. Orain beste pausu bat ematen dugu. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak diru laguntza hauek udalei ematen dizkie zuzenean integraziorako proiektuak sustatzeko. Aukera ikusi genuen eta Lurre Hurreren arduradunekin batera eskaria egin genuen. Uste dugu laguntza honi esker proiektuak bultzada handia jasoko duela”, esan du Bermeoko alkate Aritz Abaroak.